New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hauteskunde txikiak

Kirmen Uribe

    Eskolako delegatua hautatu behar dute New Yorkeko bigarren hezkuntzako eskola publikoan. Ane hauteskundeetara aurkeztu da. Ez da hautagai bakarra. Nahiz eta 11 urte izan, ikasleak animatu egiten dira hemen eskolako kontuetan parte hartzera. Gurasoek ere bultzatu egiten dituzte, izan ere, espedientean, notez gain, gisa horretako kontuak ere jasotzen dira. Ez da soilik ikasle ona izatea, komunitatearentzat lan egitea ere estimatzen da, parte-hartzailea izatea.

00:00 / 3:45

Entzuteko beste bide batzuk

Hauteskunde txikiak

Kirmen Uribe

2022ko maiatzak 23

Eskolako delegatua hautatu behar dute New Yorkeko bigarren hezkuntzako eskola publikoan. Ane hauteskundeetara aurkeztu da. Ez da hautagai bakarra. Nahiz eta 11 urte izan, ikasleak animatu egiten dira hemen eskolako kontuetan parte hartzera. Gurasoek ere bultzatu egiten dituzte, izan ere, espedientean, notez gain, gisa horretako kontuak ere jasotzen dira. Ez da soilik ikasle ona izatea, komunitatearentzat lan egitea ere estimatzen da, parte-hartzailea izatea.
    Anez gain beste hautagai bat ere bada, mutila. Beste edozein hauteskundetan bezala,  bakoitzak bere burua aurkeztu behar du gelakideen artean.
    Halaxe egin dute. Eztabaidatzeko unea iritsi denean, hautagai mutilak esan du hobe dela delegatua gizonezkoa izatea, hori dela arruntena.
    —Eta hori, zergatik?— galdetu du Anek.
    —Bada gizonezkoak bizkorragoak garelako.
    —Eta nork esan dizu hori?
    —Historiari begiratzea besterik ez dago. Gizonezkoek emakumezkoek baino asmakizun gehiago egin dituzte.
    —Adibidez?— xaxatu du Anek.
    —Bada asko. Azken boladan, Apple telefono mugikorrak ala Amazon. Steve Jobs gizonezkoa zen eta Jeff Bezos, ere bai.
    Harridura marmarra zabaldu da gelako kideen artean.
    —Egia da– esan du neskak, pentsakor.
    —Arrazoi duzu, mugikorrak, fardeleria, hori dena, inportanteak dira. Baina emakumezko batek horiek denak baino asmakizun garrantzitsuagoa egin zuen.
    —Ezin da— mutilak sinesgaitz.
    —Bai, wifia. Wifia Hedi Lamarrek asmatu zuen, emakumezko batek. Eta wifirik gabe ez dira ezer ez telefonoak, ez ordenagailuak ezta Amazon bera ere. Ala?
    Gelako neskak, eta mutil batzuk, txaloka hasi dira, algaraka.
    Bozketa egin dute.
    Anek irabazi du.
    Delegatu ez arruntak.

Saio honetako beste atal batzuk