New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hegaldia

Kirmen Uribe

Lehen aldia da metroa hartzen duguna pandemia hasi zenetik. Penn Station-era goaz. Aireportura doan trenean ia ez doa inor. Are gutxiago JFK aireportuko tren hegalarian. Ate bakarra dago zabalik zazpigarren terminalera sartzeko. Maletak utzi ditugu. Pasaporteen kontrola. Maskara kentzeko agindu digu goardiak aurpegiak ezagutzeko. Aurrera.

00:00 / 03:52

Entzuteko beste bide batzuk

Hegaldia

Kirmen Uribe

2020ko uztailak 13

Lehen aldia da metroa hartzen duguna pandemia hasi zenetik. Penn Station-era goaz. Aireportura doan trenean ia ez doa inor. Are gutxiago JFK aireportuko tren hegalarian. Ate bakarra dago zabalik zazpigarren terminalera sartzeko. Maletak utzi ditugu. Pasaporteen kontrola. Maskara kentzeko agindu digu goardiak aurpegiak ezagutzeko. Aurrera. Tenperatura hartu digute gero. Umeari agindu diote kopetako ileak baztertzeko bestela ezin diote hartu. Ez du moztu lau hilabeteetan. Gaueko hegaldia dugu. Zalantzak izan ditugu azken egunetan, artega egon gara, hegaldiak ez ziren betetzen eta bertan behera uzten ziren asko eta asko. Badirudi hau aterako dela. Sartzeko deia egin dute bozgorailuetatik. Ilaran bi metroko tartea. Behin ontzi barruan berehala esertzeko eskatu digute, eta maskara ez kentzeko bidaia osoan. Egoteko eseririk uneoro, ez ibiltzeko korridorean gora eta behera, tarteka garbitzeko eskuak desinfektatzailearekin. Zain gaude ateratzeko. Hegazkina ez da mugitzen. Komandanteak azaldu digu grabitate zentroa ez duela ondo hegazkinak, zama handia duela eta erdi partean doazen bidaiariak mesedez atzealdeko eserlekuetara joateko, tirabirarik izan ez dadin. Astean bi aldiz ateratzen da New Yorketik Madrilera hegazkina, eta karga handia izaten du. Hasi gara hegan. Ordubetera afaltzen eman digute, janari berorik ez, fruta, bixkotxa batzuk. Alkoholdun edaririk ez. Hori da legea. “Ez da turistentzako hegaldi bat” dio zerbitzariak. Tarteka egin dugu lo, maskara kendu gabe. Goizeko hamarretan iritsi gara Madrilera. Pistan hegazkin transatlantikoak ikusi ditugu, aparkatuta, ilaran, airbus erraldoiak. Hantxe daude, geldirik, garai berrien zain. Pasaporteen kontrola, maskara une batez kenduz, tenperatura hartu digute bi aldiz. Bilboko hegaldia ez da ateratzen hiru eta erdiak arte. Umeak lo geratu zaizkit nire gainean banku batean eseri garenean. Aspertu egin dira, ez dago egitekorik. Dendak ez daude zabalik. Kafetegiren bat. Heldu da Bilbokoa hartzeko orena halako batean. Hegazkinean umeak berriz ere lo. Ni ere bai. Esnatu gara lurreratzea hasi denean. Leihotik mendi berdeak ikusten dira, Euskal Herria, pinuak, baserriak, fabrikak. Loiuko hilerria. Lainotsu dago, goibel. Baina eguraldiak ez du lortu gu tristatzea. Pozik gaude. Etxean azkenean.

Saio honetako beste atal batzuk