New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hegazti migrariak

Kirmen Uribe

Oinezkoak hegaztiei argazkiak ateratzen ari ziren parkean. Urtegi handian zeuden ur txoriei, hain zuzen. Parkea hegaztiz bete da, hantxe hartzen dute babesa kristalezko etxe orratzei itzuri egin eta gero.

00:00 / 3:07

Entzuteko beste bide batzuk

Hegazti migrariak

Kirmen Uribe

2023ko urtarrilak 9

Oinezkoak hegaztiei argazkiak ateratzen ari ziren parkean. Urtegi handian zeuden ur txoriei, hain zuzen. Parkea hegaztiz bete da, hantxe hartzen dute babesa kristalezko etxe orratzei itzuri egin eta gero.
Parkeak lo hartzen du neguan, hala naturak. Zelai handiak hustu egiten dira, itxi, hobeto esan, belarrak atseden har dezan eta indarrez haz dadin, bedatsea datorrenean. Egun epeletako jendetzak ez daude. Familiak edo lagun taldeak bertan jolasten edo mantalen gainean etzan eta kalakan, iluntze arte, horiek ez daude. Beisbolean edo futbolean zebiltzan horiek barruko igerilekuetan edo izotz pistetan hartu dute gordelekua.
Gustuko dut aro hotz hau. Noizbait pertsonen erresuma zena, animaliena da orain. Horregatik dut laket. Belazeak itxita daudenez animaliak daude bertan, jolasten, keinuka, edo eguzkia hartzen. Atzo arratsaldean bertan ehundaka antzara ikusi genituen, bazkan, elkarri mokoka, karranka egiten. Txanda, orain, beraiena da. Pertsonok ezkutatu egin behar dugu, lehen haiek bezala, bakoitza bere leizean.
Hegazti migrariak haiek eta gu ere bai. Itzuli gara New Yorkera.
Espaloietan botata Gabonetako zuhaitzak, bata bestearen gainean, zabor biltzaileek noiz jasoko.
Gauez elurra egingo duela iragarri dute.
Nora joango ote dira hegazti migrariak.

Saio honetako beste atal batzuk