New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hezkuntzeren indarra

Kirmen Uribe

Asiar jatorriko lagun batzuei gertatu zitzaien supermerkatuan. Adiskidea bere hiru seme-alabekin joan zen erosketak egitera. Han zebilen batek erdeinuz esan zion, “sasoia duzu suburbioetara joateko, ezta?”. Suburbioak New Yorken, inguruan dauden herri guztiak dira, hala New York estatuan nola aldameneko estatuetan. Luzaroko ideia izan da, seme-alabak badituzu, herri batera bizitzera joatea, etxetxo bat hartzea atzealdean lorategi batekin eta han bizitzea seme-alabak unibertsitatera joan arte.

00:00 / 3:47

Entzuteko beste bide batzuk

Hezkuntzeren indarra

Kirmen Uribe

2021ko ekainak 14

Asiar jatorriko lagun batzuei gertatu zitzaien supermerkatuan. Adiskidea bere hiru seme-alabekin joan zen erosketak egitera. Han zebilen batek erdeinuz esan zion, “sasoia duzu suburbioetara joateko, ezta?”. Suburbioak New Yorken, inguruan dauden herri guztiak dira, hala New York estatuan nola aldameneko estatuetan. Luzaroko ideia izan da, seme-alabak badituzu, herri batera bizitzera joatea, etxetxo bat hartzea atzealdean lorategi batekin eta han bizitzea seme-alabak unibertsitatera joan arte.
    70eko hamarkadan New York hiria hustu egin zen. Krisi ekonomikoaren eraginez ez zegoen lanik,  krimena asko hazi zen eta heroinaren garai ilunak ere horiek izan ziren. Hurrengo hamarkadan, ordea, hiriak erakarri nahi izan zituen familiak, eta horretarako hezkuntza sistema hobetu zuen, herrietan bizi ziren familietako umeak erakartzeko, izan zitzaten hezkuntza-aukera hobeak. Eskaintza dibertsifikatu egin zen, lerroak sortu ziren gaitasun bereziak zituzten haurrentzat, lerro elebidunak… Gogor lan eginda unibertsitaterik onenetara edonor iritsi daitekela, ideia hori zabaldu zen. Hala ere, urteekin konturatu dira batez ere zuriak eta asiarrak iristen direla goi mailako institutuetara, eta afroamerikarrak edo latinoak bazterrera geratzen direla.
    Alkatetza desberdinak ahalegindu dira hau zuzentzen baina ez dute lortu. Aurten, pandemia dela eta, eta nolabait joera hori saihesteko neurri bat hartu da. Bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen notak ez dira kontuan hartu eta, meritokrazia erabat baztertuz, zozketa batek erabaki du bakoitzaren ikastetxea zein izango den. Udalean baikor ikusten zen neurria, ikasle bizkorrak ez hain bizkorrekin nahastuko ziren, auzo batekoak beste auzoetakoekin. Baina kontua ez da hain erraza. Alde handia dago ikastetxe publikoen artean kalitateari dagokionez. Orduan, gertatu dena izan da, dirua dutenek eskola pribatuetara jo dutela eta beste guraso batzuk erabaki dutela hiritik alde egitea. “70eko hamarkadakoa gerta liteke, hirian geratuko dira txiroak eta pribatua ordain dezaketen aberatsak, klase ertaina hiritik joango da”, esan zidan aurrekoan guraso batek.
    Zozketa muturreko neurria da. Ikasleak urte guztian egindako lana kontuan ez hartzea. Ez al zen hobeto izango gaizki dauden eskola horietan dirua eta errekurtsoak jartzea, hezkuntza sare osoa hobetu eta duintzea? Hori pentsatu nuen nik, nire europar pentsamoldearekin.

Saio honetako beste atal batzuk