New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hiru hartz

Kirmen Uribe

    Kapitolioaren asaltoko testigantzak hasi dira. Eta orduan ikusi ez ziren irudiak azaltzen. Nonbait irudi asko ezkutatu egin zituzten, larriegiak zirelako, eta hiritarren arteko borrokak ekiditeko. Hesiari eusten ari zen emakumezko polizia batek kontatu du nola laban egiten zuen odol putzuetan. Indarkeria handia zen. Bazekiten Kapitolioa inguratzen zuen hesia eroriko zela, ezinezkoa zen eustea, oso guardia gutxi zeuden. Asaltoa atzeratzea zen kontua, denbora irabaztea, eraikin barruan zeuden pertsonek ihes egin zezaten. Erasotzaileek hartzen kontrako spraya, bai hartzen kontrakoa, erabili omen zuten bidea zabaltzeko. Jakin gabe hartz handia Etxe Zurian zegoela. Gero eta argiago baitago haren zerikusia gertatu zen guztian.

00:00 / 3:55

Entzuteko beste bide batzuk

Hiru hartz

Kirmen Uribe

2022ko ekainak 13

    Kapitolioaren asaltoko testigantzak hasi dira. Eta orduan ikusi ez ziren irudiak azaltzen. Nonbait irudi asko ezkutatu egin zituzten, larriegiak zirelako, eta hiritarren arteko borrokak ekiditeko. Hesiari eusten ari zen emakumezko polizia batek kontatu du nola laban egiten zuen odol putzuetan. Indarkeria handia zen. Bazekiten Kapitolioa inguratzen zuen hesia eroriko zela, ezinezkoa zen eustea, oso guardia gutxi zeuden. Asaltoa atzeratzea zen kontua, denbora irabaztea, eraikin barruan zeuden pertsonek ihes egin zezaten. Erasotzaileek hartzen kontrako spraya, bai hartzen kontrakoa, erabili omen zuten bidea zabaltzeko. Jakin gabe hartz handia Etxe Zurian zegoela. Gero eta argiago baitago haren zerikusia gertatu zen guztian.
    Bigarren hartza asteon zabaldu den bideokoa da. Gaztelako mendi batean hartz emeak, kumeak babeste aldera, amildegitik behera bota zuen segika zuen arra. Arrek eme bakartien kumeak hiltzen dituzte gero emearekin harremanak izateko. Kumerik ezean, haien mende ei da emea. Zorionez ez du beti arrak irabazten, eta bideoan emea gailentzen da. Zirrara eragiten du pentsatzeak noraino iris daitekeen hartz arra sexua izateko. Txikiek ez diote axola. Eta neure buruari galdetzen diot, ugaztun ar guztiek ote dugu barruan keinu biolento antzekoa?
    Hirugarren hartza da, ikusi ez duguna. Duela lau urte joan ginen New Jerseyko parke naturalera bueltatu gara asteburuan. Pandemia eta gero lehen aldiz eta eskolako lagunekin. Han aholkatzen dute hartz bat ikusiz gero geldirik geratzea, edo egitea keinuak pentsa dezan bera baino handiagoa zarela, eta horrek funtzionatzen ez badu eta eraso egiten badizu, bada, zuk ere borrokan egitea. Aurten sekula baino hartz gehiago daudela abisatu ziguten, kontuz ibiltzeko, azkenean ohitu egin dira animaliak bi urte hauetan gizakirik gabe bizitzera.
    Ez dugu, hala ere, hartzik ikusi. Sutan afaria egin eta kantari egon ginen, beldurrik gabe gitarra joaz, gauez. Hartzak ez ziren agertu baina polizia bai, eskatzeko isilago aritzeko, norbaitek deitu zuela kexaka. Eta guk, haiek joan zirenean, bada kantari jarraitu genuen, isilago hori bai, hartzaren silueta marrazten zuten izarren azpian.

Saio honetako beste atal batzuk