New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hizkuntzen abizenak

Kirmen Uribe

Hizkuntzek izenak dituzte, baita abizenak ere. Pertsona jakin batek era batean edo bestean ikusiko du hizkuntza bat, haren eskarmentu pertsonalaren arabera. Hona zenbait adibide:

New Yorketik itzuli berri, Ganten izan nintzen, Belgikan, bertan aurkezten baitzen nire bigarren nobela “Musche”, nederlanderara ekarria.

00:00 / 3:26

Entzuteko beste bide batzuk

Hizkuntzen abizenak

Kirmen Uribe

2019ko uztailak 22

Hizkuntzek izenak dituzte, baita abizenak ere. Pertsona jakin batek era batean edo bestean ikusiko du hizkuntza bat, haren eskarmentu pertsonalaren arabera. Hona zenbait adibide:

New Yorketik itzuli berri, Ganten izan nintzen, Belgikan, bertan aurkezten baitzen nire bigarren nobela “Musche”, nederlanderara ekarria. Nobelako protagonistak, Robert Mussche idazleak, gerra garaian Bilbotik ihes egindako neskatila bat hartu zuen bere Ganteko etxean. Horixe da eleberrian kontatzen nuena. Zorionez, heroi txiki haren bizipenak bere hizkuntzan jarri dituzte orain. Ekitaldira gerra hartan Belgikan babes harturiko haurren senideak hurreratu ziren. Horietako batek kontatu zidan gauza bitxi bat: gerrako haurretako batzuk hizkuntza aldatu egin zuten herrialde berrian, bizitza berrian. Beraien ama hizkuntza gaztelania izanik, albo batera utzi zuten nederlandera edo frantsesaren alde. Ez ordea arrazoi praktikoengatik. Beraien ustez, gaztelania balio ezkor batzuei lotuta zegoen. Diktadura eta totalitarismoaren hizkuntza zen espainola, eta frantsesa aldiz askatasunarena. Hala ere, hizkuntza horiek beraiek kontuan izanda bestelakoa ere izan daiteke pertzepzioa. Adibidez frantsesarena Iparraldean, edo espainolarena Estatu Batuetan. Hantxe, gau batez lagun mexikar batekin gaztelaniaz ari nintzela, gizon zuri eta supremazista batek oihukatu zigun espainola lapur eta pobreen hizkuntza zela.

Eta Gantera bueltatuz, liburuak sinatzen ari naizela hara non agurtzen nauen euskaraz emakume batek. Belgikan zegoen errefuxiatu urte askoan, iragan mendetik, eta oraindik ezin omen da itzuli hegoaldeko Euskal Herrira. Biharamunean iheslari katalanekin bazkaltzera gonbidatu ninduen. Tamalez hegaldia oso goiz ateratzen zen eta ezin izan nuen gonbidapena onartu. “Ez zara aldatu, beti mundua konpondu nahian”, bota nion agurtu aurretik. “Halaxe da” erantzun zidan irribarrez. Ondoren jende artean galdu zen.

 Hotelera bidean, pentsatu nuen bere lagun katalanentzat euskarak ere izango zuela abizenik, eta abizen hori elkartasuna dela. 

Saio honetako beste atal batzuk