Entzuteko beste bide batzuk
I dissent
Kirmen Uribe
2020ko irailak 21
Central Park-en zeuden 23 irudietatik bat bera ere ez zen emakumezkoa. Bazeuden egon idazleak, politikariak, pentsalariak eta erregeak, eta tartean andrazkorik ez. Tira, egia esan, bazegoen bakarra, Romeo-ri besarkatuta ageri den Julieta maitemindua, baina hori ez da benetako emakumea, izen-abizenekin, fikziozko pertsonaia bat baino. Bitxia da Emily Dickinson edo Marianne Moore jaiotzen ikusi duen herrialdeak halakorik ez izatea.
Nonbait hutsuneaz ohartu eta, duela gutxi jarri dituzte emakumeen lehen irudiak parkean, The Mall deritzon pasealeku dotorean. Hiru andrazko daude mahai batera bilduta, solasean. Susan B. Anthony, Elizabeth Cady Stanton eta Sojouner Truth. Hirurak ere emakumeen eskubideen aldeko aktibistak. Paperak eskuan daude, pentsatzen, nola egin bidezkoago gure mundu oker hau.
Asteburu honetan ikusi ditugu irudiok. Eta asteburu berean hil da irudia mereziko lukeen beste emakume bat, Ruth Bader Ginsburg goreneko epailea. Han ere, bederatzi epailetatik hiru baino ez ziren emakumezkoak. Bader sinboloa bilakatu da gazteentzat azkenaldian. Kamisetak eta kartelak ikusten ziren bere aurpegiarekin, eta bere esaldi ezaguna behean, “I dissent” edo “ez nator bat”. Ez etortzea bat bazterketarekin, berdintasun ezarekin, justua ez den horrekin. I dissent. 87 urteko emakume hori zen gazteen itsasargia.
Ez da izan erraza Bader-en bizitza. Gazterik hil zitzaion ama, familia apal batekoa zen eta Harvard-en onartu zutenean ez zegoen emakumeentzako komunik ere, ikasle guztiak baitziren gizonezkoak. Bizitza osoan jasan behar izan zituen aurre-iritziak.
Ostiralez hil zen, luzaroan minbiziaren aurka borrokatu ostean. Juduentzat urte berria hasten den egunean hil ere, egun seinalatua, bera judu jatorrikoa izanik. Urte berriko desirak izango zituen, nik pentsa. Baietz asmatu bi: pandemiarentzat sendagaia aurkitzea, bat, eta Estatu Batuetarako presidente ganorazkoa, bi. Ez da hala?
Saio honetako beste atal batzuk
-
Pertsona bakar batek
2021ko otsailak 22
-
Beste George Washington
2021ko otsailak 15
-
Balearena
2021ko otsailak 8
-
Soka saltoan
2021ko otsailak 1
-
Kaleko margolaria
2021ko urtarrilak 25
-
Amamaren paperak
2021ko urtarrilak 18
-
Ez okertu, faxismoa da
2021ko urtarrilak 11
-
Gabon bakartiak
2020ko abenduak 14
-
Hitzen bat arrastoan
2020ko abenduak 7
-
Esker emate eguna dela eta
2020ko azaroak 30
-
Txapa saltzailea
2020ko azaroak 23
-
Zorion publikoa
2020ko azaroak 16
-
Negazionismoaren aurka
2020ko azaroak 9
-
Gorri
2020ko azaroak 2
-
Debatea
2020ko urriak 26