New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Igerian

Kirmen Uribe

Igerilekuan nago umeekin. Igerileku publikoak gutxi dira New Yorken negu partean igerian egin nahi izanez gero. Udan bai, udan doako putzu ugari dago, egurats zabalean, parkeetan eta auzoetan nonahi. Baina udako igerilekuek neguan beste betebehar bat izaten dute, izotz-pista bilakatzen dira.
00:00 / 4:20

Entzuteko beste bide batzuk

Igerian

Kirmen Uribe

2019ko maiatzak 13

Igerilekuan nago umeekin. Igerileku publikoak gutxi dira New Yorken negu partean igerian egin nahi izanez gero. Udan bai, udan doako putzu ugari dago, egurats zabalean, parkeetan eta auzoetan nonahi. Baina udako igerilekuek neguan beste betebehar bat izaten dute, izotz-pista bilakatzen dira. Horregatik atera genuen elkarte bateko bazkide-txartela. JCC (Jewish Community Center) izeneko zentroko kideak gara. Judu aurrerakoien kirol eta kulturarako egoitza da JCC, Amsterdam abenidan. Auzoan judu andana bizi da, horietako asko Europatik gerra garaian ihes egindakoen oinordekoak. Dena dela, edozein egin daiteke bertako bazkide.

Ostiralero legez, umeekin joan naiz igerilekura. Sarrerako kontrola pasa (eskuin muturreko erasoen izu handia dago) eta beheko solairuan eskubide zibilei buruzko argazki erraldoiak ikusgai. Afroamerikarrak, emakumeak protestan. Igogailua hartu dugu. Putzua seigarren solairuan dago, leihate handiak dituen gela batean. Hiriko eraikin garaiak ikusten dira bertatik, eta teilatuetako ur biltegi biribilak. Harritu ninduen estreinako joan nintzenean uraren sakonerak. Euskal Herrian sakonera handia hartzen du urak, erabat estaltzen zaitu. Hemen ez, hemen hondoa jotzen da. Zutik jar zaitezke edonoiz. Igerian nekatuz gero tente jarri eta kito. Ezin zara ito. Eta askoz ur gutxiago erabiltzen da. Igerian egiteko kaleak ondo antolatuta daude igerileku handian, abiaduraren arabera. Txartelak jarriak datoz muturrean, azkar, ertain, geldo edo jolasean aritzeko. Umeen putzua ere badago, bazter batean.

Igerileku barruan nago umeekin. Aita-alaba batzuez ohartu naiz. Aita kaleko jantziekin dago, eta alaba igeri-irakaslearekin utzi nahi du. Txikia da umea, hiru urte edo izango ditu. Aita-alabak zuriak dira eta irakaslea beltza. Haurra kanpoan dago eta irakaslea uretan, zain. Uretarik keinuak egin dizkio umeari. Zatoz, zatoz, ondo pasako dugu. Pailazoarena egiten du, txantxatan dabil, umearen izuak uxatze aldera. Baina neskatoa ez da mugitu, aitaren hankari lotua dago. Irakasleak koloretako kortxo luzeak buruan jarri ditu, ahatetxo bat jarri du buruan, turbantea. Alferrik, umeak ez du uretara sartu nahi. Igerileku barruan dagoen beste irakasle bat ohartu da gertatzen ari denaz. Zuria da. Besoak luzatu dizkio neskatoari. Umeak irribarre egin du eta sartu da azkenik.

Saio honetako beste atal batzuk