New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Iggy Pop eta Jim Jarmursch

Kirmen Uribe

Iggy Pop eta Jim Jarmusch batera. Musikariaren disko berria dela eta zuzeneko elkarrizketa. Kontzerturik ez du emango.

00:00 / 03:58

Entzuteko beste bide batzuk

Iggy Pop eta Jim Jarmursch

Kirmen Uribe

2019ko urriak 14

Iggy Pop eta Jim Jarmusch batera. Musikariaren disko berria dela eta zuzeneko elkarrizketa. Kontzerturik ez du emango. Gorputza zehatuta dauka. Antzoki txiki batean da, East Side-n. Ez dago sarrerarik. Idatzi diet antolatzaileei esaten podcastak idazten ditudala eta prentsarako paserik badagoen. Erantzun didate esanez ez dagoela tokirik baina azken momentura arte ez dela jakiten. Ustekabean, lekutxo bat egin didate.

Free (aske) Iggy pop-en disko berriaren azala dago taula gainean. Azpian, bi aulki. Antzokia betea. Atera dira zinegilea eta musikaria. Jarmusch beltzez eta ile urdina tente. Iggy, kamiseta ilun bat, larruzko praka beltzak eta takoidun botak (emakumezkoenak?) soinean. Nekez egiten du oinez. Irribarre handi batekin sartu da, besoak jasoz, jendeari kaixo esanez.

Elkarrizketa ez da izan diskoari buruz. Tira, zertxobait. Esan du rock-etik aldendu nahi izan duela, beste soinu batzuk bilatu, hitzei eman garrantzia. Baina batez ere Iggy-ren bizitzari buruz aritu dira. Nola hasi zen Stooges bere talde mitikoarekin. “Betiko lagunak bihurtu ginen. Nik bakarrik banda bat izan nahi nuen eta gehitu egin nintzaien. Ondo pasatzen genuen elkarrekin”. Berlineko urteak atera ziren gero. “David Bowie-rekin bizi nintzen etxe berean. Bowie onena zen, onena zen musikariak lapurtzen. Jai batera neska-lagunarekin joanez gero hura ere lapurtuko zizun”. Barre egin du jendeak. David Bowie, Lou Reed eta Iggy Pop, a zelako hirukotea. Ematen zuen Iggy zela ahulena, zeinek esan bera bakarrik egongo zela orain bizirik. “Eman ez arren, zaindu egin naiz, gustuko izan dut kirola. Orain hondartzara joaten naiz egunero. Ikusten duzue ile hori hau? Ez da tindatua, eguzkiak horitu dit”. Barreak berriz. Miamin bizi da orain, New Yorkeko jende heldua hara joaten da, bero egiten duelako eta merkeago delako, batez ere. “New Yokeko tabernak botatzen ditut faltan. Ba al dago lagunekin biltzeko tokirik orain? Toki bat non garagardoa edan speed pixka batekin?”. Txaloak. Jarmusch-ek abisatu dio ixten ari direla tabernak. Alokairuak garestiegiak dira. Literaturaz eta zineaz ere aritu dira. Houllebecq-en Partikula elementalak aipatu du kantariak.

Azken galdera Iggy Pop pertsonaiari buruz izan da, nola konpontzen da James Newell Ostenberg pertsona Iggy Pop pertsonaiarekin? “Tira, ondo konpontzen dira, lagun zaharrak dira dagoeneko. Baina, bestalde, ez al dugu denok pertsonaia bat asmatzen lanera goazenean? Ez gara izaten berdinak. Nik horixe egin nuen. Familia pobre batetik nentorren eta Iggy Pop asmatu nuen bizitza ateratzeko. Baina ez jakin nor den basatiago, Iggy ala Jim”. Txalo zaparrada.

Saio honetako beste atal batzuk