New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Igogailua

Kirmen Uribe

Semeak larunbat gaua pasatu behar zuen lagun baten etxean. Pozik zegoen, aspaldi zen etxetik kanpo gaurik igarotzen ez zuela, pandemia aurretik akaso. Lo-zakua motxilan sartuta, lagunaren egongelan jarri behar zuten kanping dendan lo egitera eraman nuen. Laguntxoa eraikin altu batean bizi da, hogeita hamalaugarren solairuan, hain zuzen. Igogailua atea ixtera zihoala harrapatu genuen, doi-doia. “Primeran, garaiz iritsiko gara”, pentsatu genuen.

00:00 /

Entzuteko beste bide batzuk

Igogailua

Kirmen Uribe

2021ko azaroak 22

Hala ere, botoiari eman igogailua zorutik igotzen hasi eta geratu egin zen ezustean, ez atzera ez aurrera. Mexikar bikote bat eta Alemaniatik etorritako beste bat zeuden gurekin. Ez zen atea zabaltzen, igogailuko telefonoaren botoia ez zebilen, gure mugikorrek ez zuten estaldurarik. Txirrina jotzea besterik ez genuen. Halaxe egin nuen. “Aita, ez jo hainbestetan”, esan zidan semeak, “behin jota nahikoa da”. Bitxia zen: bera zen txikiena baina bera zegoen lasaien. Bromatan hitz egiten zien gainontzeko bidaztiei. “Hegazkin bateko komun batean sartuta gaudela ematen du”, barre egin zuten,.“T, okerragoa izango zen igogailua behera erori izan balitz edo gure artean hiltzaileren bat balego”.

Txantxak aparte, luze irizten hasi ginen. Kanpotik garrasi egin ziguten esateko bazetorrela teknikaria eta lasai egoteko. Alemanek poltsan zeramaten garagardoa eskaini ziguten ospatzeko, Mexikarrak sorterriaz hitz egiten hasi ziren. Une batean, konturatu nintzen, bikote bakoitza bere hizkuntzan berba egiten ari zela, alemanez, espainolez eta gu euskaraz. Estuasun batean gaudenean barrura egiten dugu.

Halako batean, igogailua mugitzen hasi zen, jauzi txikiak emanez bezala. “Ematen du igogailua solairura egokitzen ari direla, ez dugu eskalatu behar izango”, atera zitzaion mutikoari. Azkenik, atea zabaldu ziguten eta agurtu genituen gure abentura kideak. Ordu betez egon ginen barruan zain.

Lagunaren etxera iritsi eta prest zegoen kanping denda. Heroi baten moduan agurtu zuten semea. “Bueno, NASA-ko kidea ere ez naiz, soilik igogailu barruan egon gara”, esan zien.

Biharamunean, hura lagunaren etxetik jaso eta metroan bueltan gindoazela kartel bat ikusi genuen. “Etorkizun handiko lana”, jartzen zuen, “igogailuen teknikaria”.

“Aita, apuntatu nahi?”.

Saio honetako beste atal batzuk