New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Igogailuko zakurrak

Kirmen Uribe

Etxe barruko igogailua zaharra da eta estua. Hantxe ibiltzen gara, gora eta behera bizilagunak, eta beraien zakurrak. Ezen andana bizi da gurean. Zakurzaleak dira gero New Yorken, eta familiako beste kide bat bezala tratatzen dituzte.

00:00 / 3:49

Entzuteko beste bide batzuk

Igogailuko zakurrak

Kirmen Uribe

2022ko urriak 17

Etxe barruko igogailua zaharra da eta estua. Hantxe ibiltzen gara, gora eta behera bizilagunak, eta beraien zakurrak. Ezen andana bizi da gurean. Zakurzaleak dira gero New Yorken, eta familiako beste kide bat bezala tratatzen dituzte.
Esate baterako, bigarren solairuko bikote gazteak basset hound bat du, urtetsua, espaloian bere burua botatzen du eta ez du nahi izaten oinez egin. Bikoteak haur txiki bat du. Lehenik umea sartzen dute atarira gurditxoarekin. Gero animalia, besoetan hartuta. Umorea galdu gabe.
Or batzuk dotoreak dira, eta euria denean zapatekin eta gabardina jantzita ateratzen dira kalera, hamargarren pisuko golder retrieverra, kasu. Beste batzuk kalean aurkitutakoak dira, onenak. Bosgarrenekoari hanka bat falta zaio, zortzigarrenekoa itsua da. Pekindarra da hau, nire gustukoena, txikia da eta lasaia. Behin haren ugazaba eriden nuen beste lauhankako batekin. “Non dago Lizzy?”, galdetu nion. “Galdu egin zen eta beste hau hartu dut etxean”, erantzun eta gaiz aldatu zuen. Baina handik aste batzuetara pekindarrarekin egin nuen berriz topo igogailuan. Poza hartu nuen. Orain bi zakurrekin ibiltzen da bizilaguna.
    Hainbeste zakur daude ezen gaizki sentitzen hasia bainaiz. Umeek ere estutu egiten gaituzte,
mundu guztiak du bat, guk zergatik ez, aldarri eginez. Baina, ez dakit, etxea txikia da, azkenean ni
arduratuko nintzen maskotaz, kalera atera, jatekoa, gorotzak bildu… eta nahikoa lan badugu etxean.
Badago seigarrenean bizi den gizon bat. Atsegina da, beti liburu bat aldean. Nire kezka bota nion berari, ea zakur bat ekarri behar ote nuen. “Tira, nik nahiago ditut liburuak, horiek ateratzen naute ni paseatzera. Parkeko bankuan esertzen naiz eta irakurri egiten dut”.
    Benetan eskertu nion erantzuna. Jada badakit umeei zer esan.
    Tira, oraingoz.

Saio honetako beste atal batzuk