New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ikasmahai zaharra

Kirmen Uribe

Haurrentzako ikasmahai zahar bat ikusi dugu goizean gure solairuko korridorean. Auzokoak badoaz Boston aldera bizitzera. Bikotea eta umea. Emakumea txinatarra eta gizona newyorktarra. Haurra gure txikien eskola berera zihoan. Goizero aurkitzen genituen igogailuan, eta umeek elkarrekin jolastu izan dute, etxe batean edo bestean, New Yorkeko negu hotza laburtze aldera. Etxea hustu dute eta utzi dute ikasmahai zaharra atean.

00:00 / 3:23

Entzuteko beste bide batzuk

Ikasmahai zaharra

Kirmen Uribe

2020ko ekainak 15

Haurrentzako ikasmahai zahar bat ikusi dugu goizean gure solairuko korridorean. Auzokoak badoaz Boston aldera bizitzera. Bikotea eta umea. Emakumea txinatarra eta gizona newyorktarra. Haurra gure txikien eskola berera zihoan. Goizero aurkitzen genituen igogailuan, eta umeek elkarrekin jolastu izan dute, etxe batean edo bestean, New Yorkeko negu hotza laburtze aldera. Etxea hustu dute eta utzi dute ikasmahai zaharra atean.
    Ez dira joaten diren bakarrak. Manifestaldian izan gara gaur beste familia batzuekin. Eta alabaren lagunarteko lau ez dira egongo datorren urtean. Mugikortasun handia dago hirian. Beti izan da horrela. Lagunak egiten dituzu eta gero badoaz, desagertu egiten dira zure bizitzatik, agertu diren naturaltasun berarekin. Gu ez gaude horretara ohituak. Guretzat lagunak betikoak eta betirako dira, hemen ez da horrela. Ez nuke esango hobe denik edo okerrago, baina tristura ematen du aldentzeak.
    Hiria hustutzen ari da. Covid 19-aren ondorioz nagusiek nahiago dute leku txikiago batean bizi. Jende gutxiagorekin inguruan, ez kutsatzeko. Familia batzuk ere alde egin dute, lorategia duen etxe bakarraren amets hutsalari jarraituz. Langile asko ere badoaz, beste estatu batzuetara, aukera berrien bila. Mugimendua handitzen eta alokairuak merkatzen ari dira.
Gazteek ordea nahiago dute geratu, pentsatuz iratzarraldia handia izango dela, egingo duela hiriak berriz ere hegaz. Baina virusaren aurkako bakuna atera arte gauza garbirik ez dago. Badoa hiria pixkanaka zabaltzen, baina museoak, antzokiak, unibertsitateak, eskolak, itxita daude eta ez dago bat ere argi udazkenean ateak irekiko ote dituzten.
    Afalorduan txirrina jo digute atean. Etxe barruko superintendentea zen, Johnny. Esan dit zerbait duela guretzat. “Ikasmahai zaharra, hartzazue zuentzat. Nik eman nien zuen auzokoei eta orain zuei pasatzen dizuet”. Umeek pozarren hartu dute oparia.
Erabiliko dugu. Eta joaten garenean pasilloan utziko dugu. Eta beste familia batek hartuko du. Mugikortasuna, hori New Yorken arima.

Saio honetako beste atal batzuk