New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Iledun igelak

Kirmen Uribe

Sarrera bat lortu nuen El silencio de otros (Besteen isiltasuna) Almudena Carracedoren dokumentala ikusteko. Francoren biktimei buruzkoa da. Village auzoko Film Forum-en botatzen zuten. Mukuru betea zegoen aretoa. Bikote heldu baten ondoan esertzea egokitu zitzaidan. Espainiarrak ziren, diplomatikoak.
00:00 / 4:23

Entzuteko beste bide batzuk

Iledun igelak

Kirmen Uribe

2019ko maiatzak 27

Sarrera bat lortu nuen El silencio de otros (Besteen isiltasuna) Almudena Carracedoren dokumentala ikusteko. Francoren biktimei buruzkoa da. Village auzoko Film Forum-en botatzen zuten. Mukuru betea zegoen aretoa. Bikote heldu baten ondoan esertzea egokitu zitzaidan. Espainiarrak ziren, diplomatikoak. Gizonezkoak, filmaren gaiari tira eginez, bota zidan beharbada Franco osteko isiltasun hura beharrezkoa izan zela demokraziak hauspoa har zezan. "Dena den", esan nion, "40 urte eta gero oraindik ere milaka hildako bide areketan egotea onartezina da". Emakumea serio oldartu zitzaidan. "Hori bi aldeetan gertatu zen, gure aitona francozalea zen eta ez dakigu non dagoen ere". Erria. Pentsatu nuen batzuk hasieratik izan zutela omena eta besteek ez, baina ez nion esan. Argi dago deserosoa dela Espainiako alde batentzat Francoren biktimez hitz egitea, urte asko igaro arren, mina ematen dien egia dela.

Filma hasi zen. Beltzez jantzitako alargun bat ageri zen pantailan. Egunero jartzen ditu loreak bide bazterrean. Gerraostean hil zioten faxistek ama eta geroztik han dago lurperatuta, errepidearen azpian. Autoak igarotzen dira gainetik orain. Emakume edadetu hura bizitza osoa egon da eskatzen ama handik ateratzeko, hilobiratzeko toki egoki batean. Baina ezetza jaso du beti. "Hori gertatuko da igelak iledunak direnean", erantzun zioten behin agintetik. Eta idazten eta eskatzen jarraitu zuen, hil arte. Igelei ilea noiz haziko zain.

Filmak aurrera egin zuen. Halako batean Andoni Arrizabalagaren argazki bat ikusi nuen. Hirurogeiko hamarkadan heriotzera kondenatu zuten ondarroarra. Amak txikitan kontatu zidan nola epaiketaren erdian euskaraz hasi zen berbetan militarren aurrean. Torturatu egin zuen Muņecas komisarioak Zarautzen. Eta Pantxoa eta Peiok famako bihurtu zuten "Itziarren semea" kantarekin. Haren anaia Jon agertu zen gero, Argentinan, Servini epailearen aurrean deklaratzen. Baita neure lehengusua ere, Santi Uribe. Ezin nuen sinetsi. Bat batean halako hutsune handi bat sortu zitzaidan barruan. Lehengusua ari naiz ikusten filma batean non eta New Yorken. Eta txikitatik ezagutzen dudan Ondarroako jendea. Gertutasun hori eskaini zidan dokumentalak, Atlantikoa bat batean desagertu izan balitz bezala. Gertutasuna, biktimek eskatzen duten horixe bera, justiziarekin batera, jakina.

Bukatzean, alboko emakumeak eskua luzatu zidan, hunkituta. Nik eman egin nion. Izan ere, amorrua, horixe gorde behar da errepidearen azpian. Eta autoak doazela gainetik.

Saio honetako beste atal batzuk