New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Inflazioa jende errealean

Kirmen Uribe

Nabari izan dugu prezioen igoera New Yorkera itzultzean. Janaria, kafea, kaleko gailetak, dena igo da eguneroko bizimoduan. Eta horrekin batera, hiriaren itxura bera aldatzen hasi da. Alokairuek nabarmen egin dute gora. Eta lokalak ixten hasi, ezari ezarian, kaleak aldatuz. Duela urte askotako negozioek ezin izan diote eutsi inflazioaren oldarrari, batzuk zarratu eta berriak zabaltzen dituzte, gero eta bizkorrago ixteko. Europaren aldean, ohartu gara, abiada bizian mugitzen da dena hemen.

00:00 / 2:47

Entzuteko beste bide batzuk

Inflazioa jende errealean

Kirmen Uribe

2022ko irailak 5

Gure kaleko italiarra izan da berriki itxi duten horietako bat. Europatik etorritako rock izar bat zen ugazaba, italiar janaria eskaintzen zuten eta musikariak berak pianoa jotzen zuen asteburuetan. Umeek toki hura zuten gogokoena, atseginak ziren, eta postreko txokolatezko krepeengatik ere bai, egia esan behar badut.
Ostatuak eutsi zion pandemiari, etxera ekartzeko eskatzen genien telefonoz, eta  espaloian zabaldu zuten txabolara joaten ginen, zilegi zenean. Beti joaten zen jende bera. Emakume bakarti bat mahai berean aurkitzen genuen aldiro. Negurik gorrienean, hantxe, eta udarik epelenean hantxe, beti mahai berean, emakume nagusi apain hura, koktel bat eskuan.
Neure buruari galdetzen diot nora joango den orain taberna zurtz geratu zen emakume hura, aurkituko ote zuen beste gordelekuren bat. Kalean berarekin topo eginez gero, gonbidatuko dut zerbait hartzera.

Saio honetako beste atal batzuk