New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ipuin gertagaitza

Kirmen Uribe

    Manchester by the sea (Masachusset) herriskako liburu-dendako jabeak esan zigun: “Umeak badituzue merezi du bertara joatea”. Plainville herriko liburudendaz ari zen. Boston eta New York bitartean dago Plainville, 8000 biztanleko herria. Garai batean oihal fabrikez betea zen baina ugazabek erabaki zuten beste nonbaitera eramatea horiek denak eta herria husten hasi zen. Plainvillen bizi da Jeff Kinney idazlea eta bertan zabaldu zuen liburu-denda 2015ean, herriaren erdian dagoen eraikin zahar batean.

00:00 / 3:00

Entzuteko beste bide batzuk

Ipuin gertagaitza

Kirmen Uribe

2020ko martxoak 9

Manchester by the sea (Masachusset) herriskako liburu-dendako jabeak esan zigun: “Umeak badituzue merezi du bertara joatea”. Plainville herriko liburudendaz ari zen. Boston eta New York bitartean dago Plainville, 8000 biztanleko herria. Garai batean oihal fabrikez betea zen baina ugazabek erabaki zuten beste nonbaitera eramatea horiek denak eta herria husten hasi zen. Plainvillen bizi da Jeff Kinney idazlea eta bertan zabaldu zuen liburu-denda 2015ean, herriaren erdian dagoen eraikin zahar batean. Etxea, XIX. mendekoa, herriko denda izan zen luzaroan, denetatik saltzen zuten bertan, baina azken urteetan itxita zegoen. Bada, idazleak “An Unlikely Story” izeneko liburu-denda jarri du bertan. “An Unlikeky Story”-k euskaraz esan nahi du, gutxi gora behera, nekez gertatzeko den kontua.
    Jeff Kinney ezaguna da Diary of a Wimpy Kid edo Gregg-en egunerokoa izenaz ezagutzen dugun gaztetxoentzako liburu bildumagatik. Wimpy kid, ume mengela edo mendrea izango zen euskaraz, eta dakizuenez, bigarren hezkuntzan dabilen mutiko baten ibilerak kontatzen ditu. Jeff Kinney-k, hasieran, ez zuen idazlea izan nahi, ilustratzailea baizik. Baina bere ilustrazioak oso txarrak omen ziren. Eta argitaletxe guztiek atzera botatzen zituzten. “Ume baten antzera marrazten duzu, ez duzu mailarik”, horixe izaten zen erantzuna. Orduan, erabaki zuen ume baten ibilerak kontatzea, eta bere marrazki ustez eskas horiek sartzea liburuan, protagonistarenak balira bezala. Lau urtez idatzi zituen koaderno batean bere haurtzaroko oroitzapen eta pasadizoak. Eta marrazkiak egiten. Ostean, idatzi zuen lehen liburua. Eta gero etorri zena denok dakigu.
Esan ziguten idazlea bera egoten zela liburu-dendan askotan, goiko solairuan, eta umeei liburuak sinatzea gustuko duela.
    Iritsi gara Plainville-ra. Autotik jaitsi eta korrika sartu dira umeak liburu-dendara.  Igandea da eta jendez gainezka dago, irakurtzen edo kafea hartzen ari dira. Igo gara goiko solairura baina ez dago inor bertan. Pena hartu dute umeek. Erosi dugu liburu bat eta kutxako andreak beste bat eman digu opari. Paperean bilduta dator. “Ez zabaldu etxera iritsi” esan die umeei.
    Iritsi gara New Yorkera. Alabak, nekatuta egon arren, zabaldu nahi izan du paperean bilduta datorren liburua. Wimpy Kid-ena da, eta egilearen sinadura dakar. ipuin gertagaitza, An Unlikely Story.

Saio honetako beste atal batzuk