New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Iraila arte lagunak

Kirmen Uribe

Hau izango da uda aurretik egiten dudan azken podcasta. Irailean ekingo diot berriz, gogotsu, baina orain atseden hartzeko garaia da. Maitasun askearen aldarria egiten den egunetik aurrera, ekainaren 28tik, Euskal Herrian izango gara uda osoan, ostean New Yorkera bueltatzeko.

00:00 / 2:38

Entzuteko beste bide batzuk

Iraila arte lagunak

Kirmen Uribe

2021ko ekainak 28

Hau izango da uda aurretik egiten dudan azken podcasta. Irailean ekingo diot berriz, gogotsu, baina orain atseden hartzeko garaia da. Maitasun askearen aldarria egiten den egunetik aurrera, ekainaren 28tik, Euskal Herrian izango gara uda osoan, ostean New Yorkera bueltatzeko. Urtebete Euskal Herrira joan gabe. Luze joan da, nekez. Saiatu ginen Gabonetan ostera egiten, baina ezinezkoa zen, gaitza gogor ari zen joka, eta mugak itxiak. New Yorken igaro genituen “neguko oporrak” eta urte berria hasi ere, han. Ezari ezarian, ilunbea argituz joan da. Urteak aldaketak ekarri zituen. Trump-ek galdu egin zituen hauteskundeak, txertaketa oso bizkor zabaldu zen, eta Floyd hildako polizia epaitu zuten. Gutxika gutxika, baikortasuna zabaltzen hasi da jendartean, lanerako aukera berriak daude, berriz zerotik hasteko gogoa.

Euskal Herrian bukatu gura dut New Yorkera eraman gintuen nobela. Hiru urteko lana eta gero. Nabarituko da urte hauetan bizitakoa bertan, baina ez hori bakarrik, gauza asko izango ditu, askotarikoa da, jauzi handi bat aurrera nire ibilbidean. Emango dut irakurtzera, aterako dira ideia berriak eta ondo dagoenean, benetan ondo dagoenean, orduantxe argitaratuko dugu.

Baina batez ere Euskal Herrira goaz hurrekoekin egotera. Familia eta lagunekin, maite gaituzten eta ditugunekin. Galdutako denbora berreskuratzera, edo behintzat, ondo pasatzen ahalegintzera.

Uda ona igaro eta irailerarte!

Saio honetako beste atal batzuk