New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Irririk ez

Kirmen Uribe

Hilabete darama alabak lagunekin elkartu gabe. Tarteka ordenagailuz egiten du hitz beraiekin, jolastu ere horrela egiten dute, pantailaren bitartez, aurpegiak margotzen dituzte, mozorrotu ere bai, eta beraien kontu txikiak kontatu, dena pantailekin.

00:00 / 3:13

Entzuteko beste bide batzuk

Irririk ez

Kirmen Uribe

2020ko apirilak 20

Hilabete darama alabak lagunekin elkartu gabe. Tarteka ordenagailuz egiten du hitz beraiekin, jolastu ere horrela egiten dute, pantailaren bitartez, aurpegiak margotzen dituzte, mozorrotu ere bai, eta beraien kontu txikiak kontatu, dena pantailekin.
    Lagunetako batek, esan dio ama ez dagoela etxean. Hau dena hasi zenetik ez dela agertu etxera. Ama medikua da, larrialdietan egiten du lan. Elmhurst, Queens auzoko ospital publikoan. Eta erabaki zuen etxera ez bueltatzea, gaitza familiakoen artean ez zabaltzeko. Ospitalean bertan egiten du lo. Elmhurst, gaitzaren aurkako borrokako sinbolo ere bilakatu da newyorktarren artean, bertatik hasi ziren oheak eta arnasgailuak eskatzen, bertatik ateratzen hildakoen kamioi hozkailuak, eta bertatik, azken aldian, sendatuak ere bai.
Atzo igandez, New York Timesen ikusi dugu ezustean bere argazkia. Elmhurst ospitaleko langileen erretratuak ziren, COVID 19aren aurka lehen lerroan borrokan ari den jendearena. Hantxe zegoen gure alaba beraien etxera lo egitera gonbidatu duen emakumea, pizza afaltzera eraman duena ostiral gauetan. Hantxe, lubakian, bere bizitza arriskuan jarriz, etxekoak ikusi gabe, gu denon onerako.
Senarra zinegilea du, beldurrezko filmak egiten ditu, baina “ez nuen horrelakorik imajinatuko”, aitortu zigun ikusi genuen azken aldian.
    Hilabete darama gure alabak etxetik atera gabe. Hasieran ez ginen ateratzen horrela erabaki genuelako. Gero, nahiz eta hemen aukera hori izan, umeek nahiago zuten etxean bertan goxo egin. Azken aldian, uste dut, beldur direla.
Asteon atera da lehen aldiz. Hasieran pozik ikusten nuen, baina niri besarkatuta egiten zuen oinez. Dendak itxita zeuden, jolastokiak ere bai, izozkia jateko gogoa sartu zitzaion baina ezin. Arraro ikusten zuen kalea, dena aldatua, dena tristetua.
“Maskarekin ez dira irriak ikusten” esan dit .

Saio honetako beste atal batzuk