New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Itsasargi horia

Kirmen Uribe

Sare sozialen kontu honekin aspaldiko argazki bat etorri zait eskuartera. Eskuartera esateko modu bat da, mugikorrera beharko nuke esan hobeto.

00:00 / 3:24

Entzuteko beste bide batzuk

Itsasargi horia

Kirmen Uribe

2019ko abuztuak 12

Sare sozialen kontu honekin aspaldiko argazki bat etorri zait eskuartera. Eskuartera esateko modu bat da, mugikorrera beharko nuke esan hobeto. Argazkian Ondarroako itsasargia agertzen da horiz margotuta. Bai, kolore larua du itsasargiak eta berba bat ere badu idatzia letra beltzez, “Intsumisioa”, hain zuzen. Gogoak berehalaxe egin dit hegan, nabigatu du denboran atzera, urteak aitaren batean zeharkatu ditu, laurogeita hamarreko hamarkadara. Mugimendu antimilitarista gorenean zegoenean margotu zen horiz itsasargia eta ezaguna ere egin zen haren irudia Euskal Herri zabalean. Kolore larua izaten jarraitu zuen luzaroan, gobernuko teknikari gris batek itsasargia grisez pintatu behar zela erabaki zuen arte. Eta itsasargiaren kolorea bezala batera, mugimendu antimilitarista ere grisean galdu zen, derrigorrezko soldadutza kendu zuten egunetik. Garaipen handia izan zen hura, ez zen alferrik gazte asko izan kartzelan, baina garaipen horrek desmobilizazioa ere ekarri zuen. Soldadutza kentzea ez zen helburu behinena, xedea beste bat zen, gerrarik gabeko mundu bat lortzea, baina bidea luzeegia egin zitzaigun antza. Geroztik, itsasargiak bere bidea jarraitu zuen. Ekaitz handi batean itsasontzi batek jo zuen muturra eta itsasargia hondatu egin zen. Duela gutxi konpondu zuten arte.

Estatu Batuetako gobernuak erabaki du arma nuklearren kontrolerako hitzarmenetik kanpo geratzea. Armamentu norgehiagoka haziz joan liteke. Udako berri baten modura pasatu da notizia, ez diogu kasu handiegirik egin, bizi garen berri uriolaren baitan. Erdi ezkutuan, eromena handituz doa, erabaki okerrak hartuz doaz agintariak guk ezer esaten ez dugun bitartean. Beharbada, itzarri beharko genuke antimilitarismoari dagokionez. Agian, hasi beharko genuke adi egoten, arduratzen, gai honekin ere, mundua hartzen ari den norabide burugabeaz.

Egunotan joan naiz kaiko muturrera. Hantxe dago itsasargia. Dotore ikusi dut, harlauzaz apaina, garbi aratza. Baina aspergarria ere bai. Agian kolore hori pixka bat ez zitzaion gaizki etorriko. Ala?

Saio honetako beste atal batzuk