New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Itsasargia eta kabina

Kirmen Uribe

Asteburu honetan “Open house” ekimena dago New Yorken. Hiriko eraikin ezagunetara sartzeko aukera izango da bi egunez. Guk badakigu nora joan. Umeek ez zuten zalantzarik. Itsasargi gorri txikira joango gara, The Little Red Lighthouse.

00:00 / 3:55

Entzuteko beste bide batzuk

Itsasargia eta kabina

Kirmen Uribe

2019ko urriak 21

Asteburu honetan “Open house” ekimena dago New Yorken. Hiriko eraikin ezagunetara sartzeko aukera izango da bi egunez. Guk badakigu nora joan. Umeek ez zuten zalantzarik. Itsasargi gorri txikira joango gara, The Little Red Lighthouse. Estatu Batuetako haur literaturako klasiko bat da izenburu bereko liburua. Hildegarde H. Swift-ek idatzi zuen ipuina, eta Lyand Ward-ek ilustratu. Kontatzen da Hudson ibaiko itsasargiaren bizitza. Nola eraiki zuten XX. mendearen hasieran Hudsonetik iparraldera zihoazen zama-ontziak gidatzeko. Hudson-ek sakonera handia dauka eta tona handiko barkuak ibiltzen dira gora eta behera, eta sasoi hartan gaur egun baino gehiago. Alta, haitzak daude ibai bazterrean, eraikin luzeak eusten dituen haitz gogorrezko bihotza baitu Manhattan-ek, eta horien aurka talka eginez gero hondoratzen da ontzia. Itsasargiak argi egiten zuen eta laino bazen, adarra jo, ontziak haitzetatik urrun zitezen. Baina 1932an justu gainean zubi erraldoi bat eraiki zioten, George Washington zubia eta han azpian geratu zen, itsasargi gorri txikia. Handik gutxira, itxi egin zuten. Hala ere, bizitzak beti ematen du buelta, lainoa zen egun batez istripua izan zuten ontziek eta itsasargia berriz martxan jartzea erabaki zuten. Zubi erraldoiko argia ez zen nahikoa horretarako. Gaur egun, itxita dago eta bakarrik, udazkeneko ziza bat izango balitz bezala, han itzalpean. Baina asteburuan zabalik dago.

Beste ipuin batean, The Lonely Phone Booth (telefono kabina bakartia) izenekoan, kontatzen da nola badagoen oraindik West End kalean telefono kabina bat. Inork ez du erabiltzen, baina zaindu egiten dute, zer gerta ere, argia joango balitz luzaroan, telefonoz komunikatu ahal izateko. Aurreko batean aurkitu genuen parketik etxera gindoazela. Umeek ez zekiten zer zen. Txanpona bota eta hitz egin, zer da hori. Probatu egin zuten telefono analogikoa. Pozik zeuden, Tutankamon haren hilobia aurkitu balute bezala, antzinako gauza bat. Zenbat aldiz deituko ote nuen nik horrelako kabina batetik, zenbat aldiz urduri markatu zenbakia, esperoan beste aldean zegoen ahotsak gida zezan nire bizitza, itsasargi gorri txikiak barkuak bezala. 


Saio honetako beste atal batzuk