New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Itsasargian

Kirmen Uribe

Montauk New York estatuan ekialderen dagoen herria da, Long Islanden muturrean. Garai batean arrantzaleak, surflariak eta hippyak baino ez ziren bizi. Orain, aberatsak hasi dira etxeak erosten eta hango oreka apurtzen. Herria txikia da, baina badu oraindik kaia, New Yorkera doan arrain gehiena hemen arrantzatzen da.


00:00 / 4:05

Entzuteko beste bide batzuk

Itsasargian

Kirmen Uribe

2023ko maiatzak 29

Montauk New York estatuan ekialderen dagoen herria da, Long Islanden muturrean. Garai batean arrantzaleak, surflariak eta hippyak baino ez ziren bizi. Orain, aberatsak hasi dira etxeak erosten eta hango oreka apurtzen. Herria txikia da, baina badu oraindik kaia, New Yorkera doan arrain gehiena hemen arrantzatzen da.

Hondartza luzeak ditu eta bukaeran, itsasargia. Antzinakoa da, berrehun urte baino gehiago ditu, Europatik zetozen ontzien itsas galerak sarritan izaten baitziren bertan, eta horregatik eraikia.

Itsasargira bisitan galera horien berri ematen da, eta besteen artean, La Amistad izeneko ontziaren berri ere badator. 1839an, Afrikatik Kubara zihoan ontzi hartan matxinatu egin ziren esklabuak. Matxinoek tripulazioko kideei bizitza barkatu zioten, ordainean, ontzia Afrikara bueltan eramaten bazuten.

Dena den, Afrikara beharrean Estatu Batuetara bideratu zuen ontzia pilotoak. Eta lau afrikar eta europar bi batel bat hartu eta lehorrera iritsi zirenean konturatu ziren han ingelesez hitz egiten zuten abeltzainak baino ez zirela bizi. Hura ez zen Afrika. Montauken zeuden, itsasargiaren alboan. Preso hartu zituzten aldi baterako. Dena den, Estatu Batuetako auzitegi gorenak haiei arrazoia eman eta Afrikara bueltan eraman zituzten. Esklabutzaren aurkako kontzientziazioaren hasiera izan zen hura.

Bitxia da zenbat istorio egon daitezkeen toki bati lotuta.

Itsasargia automatizatu egin zuten laurogeiko hamarkadan eta inguru hura abandonatu egin zen. Baina herriko historia zaleek gunea erosi eta museo bat egin zuten. Jende xeheak gorde du toki horretako memoria, hala nahi izan duelako. Eta horiengatik jakin dugu, besteak beste, La Amistad ontzi haren berri ere.


Saio honetako beste atal batzuk