New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Itsasoak urak handi

Kirmen Uribe

Podcast hau entzuten duzunerako, laguna, Atlantikoa zeharkatzen egongo gara, New Yorkera bueltan, Euskal Herrian hilabete luze egon eta gero. Nahiz eta pandemiagatik gorabeheratsuak, ederrak izan dira egunok, elkar lagunekin egotea, irakurleekin, etxekoekin, baiki, ederra izan da. Maitasuna jaso dut, esan behar dut hau, eta aurrera egiteko adorea.

00:00 / 2:37

Entzuteko beste bide batzuk

Itsasoak urak handi

Kirmen Uribe

2022ko urtarrilak 10

Urte berriarekin egitasmo berri bati ekitea dut helburu, gutxika gutxika idazten hastea hurrengo liburua izango den hura. Zenbat urte luzatuko naizen bidean? Nork jakin, azkenak lau urte luze hartu ditu, eta ikusiko dugu orain datorrenak. Gutxiago espero dut, hasieran beti pentsatzen dut gauza bera, nahiz eta gero liburuak luzatu egiten diren, bizkor joaten da eta denbora idazten zabiltzanean.

“Itsasoak urak handi, ez du hondorik ageri, pasako nintzateke handik, maitea ikusteagatik”, kantatzen zuten garai bateko itsastarrek. Bada gu ere bagoaz, hondorik gabeko ozeano hori zeharkatzen. Mina ematen du sorterria uzteak, pena handia. Alta, abiatzear dagoen lana kitzikagarria izaten da beste alde batetik, eta ahantzarazten dizkizu laster, tristurak.

Bagoaz baina itzuliko gara. Eta bueltatzean, Ikusi nahi dut jendea kalean, erizainak lasai, antzokiak beterik, kontzertuak lepo, umeak jolasean parkean, kirola egiten, tabernetan giroa, pozak partekatzeko eta penak ere bai, hori ere bai.

Eta orduan ospatuko dugu hau dena pasatu dela, nahiz eta mundua oraindik anker izan, behintzat bil gaitezkela, elkar besarka dezakegula, gogor eta begiak itxita.

Ea egia den!

Saio honetako beste atal batzuk