New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Kaleen hustasuna

Kirmen Uribe

Estatubatuarrek gure bizimodua aldatu duten asmakizun ugari ekarri dituzte, ematen du beti aurrera begira daudela, ez dutela ohitura zaharrik. Neurri batean halaxe da, dena da aldakorra hemen, baina egia da baita ere usadio  batzuei eusten dietela. Esker emate egunari adibidez.

00:00 / 3:13

Entzuteko beste bide batzuk

Kaleen hustasuna

Kirmen Uribe

2022ko azaroak 28

Estatubatuarrek gure bizimodua aldatu duten asmakizun ugari ekarri dituzte, ematen du beti aurrera begira daudela, ez dutela ohitura zaharrik. Neurri batean halaxe da, dena da aldakorra hemen, baina egia da baita ere usadio  batzuei eusten dietela. Esker emate egunari adibidez.
Egun horretan, norbera bere familiarekin edo lagunekin zokoratzen da eta gainontzeko dena albo batera uzten du, tartean, lana. Atseden hartzen du munduak une batez. Dendak ixten dira, tabernak, eta jendea etxeratu egiten da. Euskal Herrian Gabon gabaz eta Eguberri egunez gertatu ohi zen hori, dena ixten zen, eta etxera biltzen ginen. Hori ere aldatzen ari da gurean. Hemen ez, hemen denbora geratu egiten da Thanksgiving egunean.
Egun horretan, arratsalde partean, pasatzera atera ginen. Ia inor ez zen ikusten kaletik, dendak eta jatetxeak itxita, argirik ere ia ez. Beldur pixka bat ere ematen zuen egoerak. Norak esan zidan, “denda txikiak itxiko balituzte, horrelakoxea izango zen egoera, baina egunero”. Iluna, babesgabea, hotza.
Zuzen zebilen. Denda txikiek ematen diote argia eta bizitasuna tokiei.
Ostegunean izaten da esker emate eguna. Biharamunean ostiral beltza dator, non beherapenak egoten diren. Eta larunbata izendatu da denda txikien eguna. Horietako batek bidali zigun etxera, gutun bat eskuz idatzia, eskerrak ematen beraiei erosten diegulako.
Eskertu genuen eskuz idatzitako gutuna. Bakarra izan da, luzaroan.

Saio honetako beste atal batzuk