New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Kaleko margolaria

Kirmen Uribe

P.L. Travers idazlearen Mary Poppins liburuan bada pasarte bat non Mary Poppinsek eta haurrek kalea klarionez margotzen duen artista bat aurkitzen duten. Halako batean, espaloiko irudian barrena egingo dute Mary eta umeek, eta han jostatuko dira, klarionezko mundu miragarriaren barruan.

00:00 / 3:31

Entzuteko beste bide batzuk

Kaleko margolaria

Kirmen Uribe

2021ko urtarrilak 25

P.L. Travers idazlearen Mary Poppins liburuan bada pasarte bat non Mary Poppinsek eta haurrek kalea klarionez margotzen duen artista bat aurkitzen duten. Halako batean, espaloiko irudian barrena egingo dute Mary eta umeek, eta han jostatuko dira, klarionezko mundu miragarriaren barruan.
    Asteon, New Yorkeko hotzari ezin aurre eginez eskolako patioan umeekin harrapaketan genbiltzala, hara non entzun dugun gizon bat bozgorailu batekin. “Klarion margolaria da”, egin dute oihu umeek eta gizona zegoen tokira hasi ziren hurreratzen. Espaloian bertan mundu magiko bat nola irudikatzen zuen joan dira ikustera. Eta gu beraien atzetik.
    Bitxia egin zitzaidan kaleko margolari batek bozgorailua erabiltzea. Bat batean, gogoan hartu nuen haurtzaroan kanpotik etortzen ziren langile horiek, zorroztailea xirula berezi horrekin, esne-saltzailea bozina joaz, edo txatarra biltzera etortzen ziren motzaileak, denak ere umezaroko gomuta urrunak.
    New York erdian, artista honek ere bozgorailuz abisatzen zigun bazetorrela, neguko egun hozpela koloreztatzera bazetorrela, “adi familiak, erdu, erdu, klarion margolaria ikustera”. Eta halaxe inguratu genuen gizona. Eta hasi zen margozten gurea ez den mundu bat, alegiazkoa, ez dena baino nahiko genuena, umeen eta ez hain umeen gozamenerako.
    Berehala, hantxe, klarionezko mendi arrosa eta karrika more eta ibai berdeen artean, hara non agertu ziren berriz ere zorroztailea, esne-saltzailea, eta motzaileak ere bai, beraien gurditxoan. Hantxe ikusten nituen, gazte, urteak igaro ez balira bezala.
    Eta gu ere, nola ez, haien atzetik joan ginen.
    Dena, kaleko margolariari esker.

Saio honetako beste atal batzuk