New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Kanpaiak eta mugikorrak

Kirmen Uribe

Michelle Obamak jarri zuen famako 5210 erregela, haurren osasuna bideratzekoa, hain zuzen. Erregela horren arabera, komeni da umeek egunean 5 bider jatea frutak eta barazkiak, egunean 2 orduz baino ez ikustea pantailak, ariketa fisikoa egin behar dute ordu 1ez eta edari gozatuak ez dira edan behar, hortik dator 0 hura.

00:00 / 3:30

Entzuteko beste bide batzuk

Kanpaiak eta mugikorrak

Kirmen Uribe

2019ko abuztuak 26

Michelle Obamak jarri zuen famako 5210 erregela, haurren osasuna bideratzekoa, hain zuzen. Erregela horren arabera, komeni da umeek egunean 5 bider jatea frutak eta barazkiak, egunean 2 orduz baino ez ikustea pantailak (telebista, ordenagailu, tablet eta mugikorrak, denak barne), ariketa fisikoa egin behar dute ordu 1ez eta edari gozatuak ez dira edan behar, hortik dator 0 hura. Nik erregela horri orduerditxo bat gehituko nioke, irakurketarena, baina orohar ez da gaizki.

Etxean ahalegintzen gara erregela betetzen baina uda honetan gauzak hankaz gora jarri zaizkigu, batez ere, 2 horri dagokionez. Ikaragarria da gurean zenbat ume ikusten diren mugikorrekin kalean. Gurditxoan doazen umeek ere eskuartean izaten dute bat. Pantailen menpekotasun hori badakite ongi zer den Silicon Valley-ko buruek, horrexegatik, haien txikien zaintzaileek debekatuta dute mugikorrik eta antzeko gailurik erabiltzea zaintzan. Horren ordez, hezkuntza analogikoa hobesten dute, liburu, jolas eta musika-tresnekin. Baina gu euskaldunok digitalaren eztanda betean bizi gara, neurririk ezin hartuta, umeak zurrunbilo horretatik babestu gabe.

Abuztuko Ama Birjinarekin bederatziurrena izaten da Ondarroan, Antiguako ermitan, han puntan. Bederatzi egunez herritar batzuk kanpaiak jotzera igotzen dira kanpandorrera, belaunaldiz belaunaldi datorren ekandua. Eskuz jotzen da ezkila, esku banatan gingilak hartu eta kanpaiaren ertzarekin kolpatuz. Alde banatara izaten dute kanpai bana. Bi ezkilen tonua desberdina denez txalaparta gogorarazten duen doinua ateratzen dute . Bertara gonbidatu gintuzten Toxu anaiek. Umeen esku txikiak beraienekin inguratu eta erakutsi zieten ezkilak nola jo. “Gu zazpi urterekin hasi ginen ikasten. Orduan ez zegoen beste ezer eta Antiguako kanpaiak jotzea gauza handia zen guretzat, espektakulua”. Kanpandorretik herria ikusten da, eta harantzago Saturraran hondartza eta itsasoa. Bertara begira jotzen zuten Toxutarrek, ehundaka urte aurretik bezala, dei eginez herritarrei. Haiei begira, pentsatu nuen laster ez duela inork jarraituko ohitura, etengo dela transmisioa, gurean beste gauza askorekin bezala.

Mugikorra hasi zitzaidan dardaraz patrikan. Kanpaia eta mugikorra, dei egiteko bi modu. Arratsalde horretan behintzat, haurrak ez ziren mugikorrari begira egon.

Saio honetako beste atal batzuk