New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Kontakizuna

Kirmen Uribe

Bisitaria Bilbora badoa udan, sartu ahal izango da Arte Eder Museora, eta aurkituko du bertan Goyaren hiru margolan berriki azalduak.

00:00 / 3:10

Entzuteko beste bide batzuk

Kontakizuna

Kirmen Uribe

2019ko abuztuak 19

Bisitaria Bilbora badoa udan, sartu ahal izango da Arte Eder Museora, eta aurkituko du bertan Goyaren hiru margolan berriki azalduak. Antonio Adan de Yarzaren, Maria Ramona Barbachano haren emaztearen eta Antonioren ama zen Bernarda Tavira-renak dira erretratuak. Lea ibaiertzeko Zubieta jauregi ederrean egon ziren eskegiak, gerra garaian erbestera atera ziren arte. 10. zenbakia zeraman egurrezko kutxa batean sartu zituzten mihiseak eta Parisera eraman zituzten. Asmoa zuen Euskal Gobernuak Pariseko Erakusketa Unibertsalean ikusgai jartzeko, Errepublikaren Pabilioian euskal arteak izan zuen gelan. Artelanak baina, ez zituzten atera kutxatik. Eta bertan izan ziren gordean. Egun, hiru artelanak eta kutxa bera daude ikusgai Bilbon.

Itsasoan barruko olatua dagoen bezala, koadroek ere askotan barruko istorioa izaten dute. Soilik jakin behar da irakurtzen. Antonio Adan de Yarza itzal handiko gizona izan zen XVIII. mendearen bukaera eta XIX. mendearen hasierako Euskal Herrian. Ilustratua, Real Sociedad Vascongada de Amigos del PaĆ­s elkarteko kide zen. Liburutegi eleanitza zuen Bilboko Bidebarrietako etxean, eta tertuliak ere antolatzen zituen garaiko idazle, pentsalari eta zientzialariekin. Ideia aurrerakoiak zituen gizon honek eskubide foralak defendatu zituen eta Napoleonen alde lerratu zen, euskal herrialdeak gobernu bakarrean batuko zituela agindu baitzion hark. Orduan ez zen abertzaletasunik, baina gizon hark sinisten zuen euskaldunon komunitatean eta haren eskubideetan.

Koadroei begira ari naizela kontakizunaren kontua etorri zait burura. Narratibaz edo errelatoaz ari direla, Euskal Herriaz edo Kataluniaz, maiz leporatzen digute fikziozkoa dela gurea. Hor dago gerrako kutxa, hor Adan de Yarzaren bisaia. Kontakizuna izan liteke agian fikziozkoa, baina bizipenak, sentipenak, horiek benetakoak dira. Eta hori ulertzen ez duenak ez du sekula ezer ulertuko.

Saio honetako beste atal batzuk