New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Lan berri baten bila

Kirmen Uribe

Halloween edo gau beltza izango da datorren asteburuan. New Yorken mozorrotzeko eguna huraxe da, ez baita inauteririk ospatzen. Kontua da, ume askok mozorrorik gabe geratzeko arriskua duela, etxera paketea garaiz iritsiko ez zaielako. Arazoa garraioan omen dago, ondasunen garraioaren geldotasunean.

00:00 / 2:50

Entzuteko beste bide batzuk

Lan berri baten bila

Kirmen Uribe

2021ko urriak 25

Halloween edo gau beltza izango da datorren asteburuan. New Yorken mozorrotzeko eguna huraxe da, ez baita inauteririk ospatzen. Kontua da, ume askok mozorrorik gabe geratzeko arriskua duela, etxera paketea garaiz iritsiko ez zaielako. Arazoa garraioan omen dago, ondasunen garraioaren geldotasunean.

    Ekonomiak eztanda egin behar zuen pandemia eta gero, horiek ziren aurreikuspenak, baina aurrez pentsatutakoa ez da gertatzen ari. Estatu Batuetan langileak ez dira lanera bueltatu. Eskubiak esaten du langabeziagatik diru gehiegi kobratzen dutelako dela hori, baina Paul Krugman eta bestelako ekonomialarien ustez, kontua ez da hain sinplea, sakoneko aldaketa bat dago. Gizartea aldatu egin da.

    Badiote langileek ez dutela pandemia aurreko “normaltasun” hartara itzuli nahi. Ez baldintza beretan. Pandemian familia askok aurreratu egin du dirua eta orain badute koltxoi bat arrapaladan lanean ez hasteko. Diru hori ez dute erabili nahi, gobernuak uste zuen bezala, kontsumitzeko, lan hobe bat aurkitzeko baino. Langileek baldintza hobeak nahi dituzte, eta horrexegatik ez dira itzultzen ari aurreko lanpostuetara. Hobeto ordainduak nahi dute izan, etxetik nahi dute lan egin, familiekin gehiago egon, aisialdiko orduak profitatu beraien burua janzteko.

    Horrexegatik ez ei dira iritsi umeen mozorroak Halloweenera. Eta horrexegatik hasi da eskatzen jendea Gabonetako opariak, zer gerta ere. Beldur dira opariak berandu iristeko, edo okerrago dena, Santak eta Olentzerok beraien lana utzi eta ez ote diren beste lan hobe baten bila hasiko.

Saio honetako beste atal batzuk