New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Landa bideak

Kirmen Uribe

Asteazkenean Andrew Cuomo gobernadoreak bigarren fasera pasatzeko prest gaudela jakinarazi zigun. Ezin nuen sinestu. Luzea izan da bidea, eta nekeza. Gaineratu zuen ostiralean emango zuela azkenengo eguneroko prentsaurrekoa. Ehun eta hamaika egunez egon da Cuomo egunero coronavirus-aren berri ematen, datuak eman eta hiritarrei adorea helarazi nahian. Eguneroko prentsaurrekoa bertan behera uzteak esan nahi du beste garai batera pasa garela.

00:00 / 3:34

Entzuteko beste bide batzuk

Landa bideak

Kirmen Uribe

2020ko ekainak 22

Asteazkenean Andrew Cuomo gobernadoreak bigarren fasera pasatzeko prest gaudela jakinarazi zigun. Ezin nuen sinestu. Luzea izan da bidea, eta nekeza. Gaineratu zuen ostiralean emango zuela azkenengo eguneroko prentsaurrekoa. Ehun eta hamaika egunez egon da Cuomo egunero coronavirus-aren berri ematen, datuak eman eta hiritarrei adorea helarazi nahian. Eguneroko prentsaurrekoa bertan behera uzteak esan nahi du beste garai batera pasa garela.
Ostiralean bertan ospatu zen “Juneteenth” eguna. Ekainak 19 esan nahi du, esklabutza bukatu zen eguna. Aurtengoa berezia izan da, George Floyd-en hilketa eta gero. Donald Trump presidenteak ere asteburu honetan hasi du kanpaina noiz eta Juneteenth-aren asteburu berean, non eta Tulsan, afroamerikarren aurkako sarraskirik handiena gertatu zen hirian. 1921ean, mutiko beltz batek neskato zuri bati eraso egin ziola zabaldu zuten egunkari batean. Mutikoa hil nahi izan zuen olde zuriak. Liskarrak hasi ziren. Beltzak bizi ziren auzo oso bat suntsitu zen, hegazkinez ere egin zioten eraso. Inork ez daki zehatz mehatz oraindik zenbat jende hil zen. Bada presidenteak Juneteenth-aren asteburuan eta Tulsan hasi nahi izan zuen kanpaina, baina ez zen espero zuen jendetza bildu, erdi hutsik ikusten dira argazkietan harmailak. Estatu Batuak aldatu dira Covid-arekin, Floyd-enarekin. Garai berri bat hasi da eta presidenteak nekez aurkituko du tokia hor.
Larunbatean lagunekin bildu ginen lehenengo aldiz. Umeek jolastu ahal izan zuten laguntxoekin estreinakoz, parkean. Musikari taldeak zeuden parkean nonahi. Barruan jo ezin dutenez parkeetan jotzen dute, bazterrak alaituz. Etxerakoan, beraien aurretik pasatu ginenean, “Country Roads” ari ziren jotzen. Kantak kontatzen du nola bueltatzen den kantaria bere West Virginiako jaioterrira. “Landa bideak, eraman nazazue nire sorlekura”, esaten du. Eta guk, “West Virginia” hitzen ordez “Euskal herria” esan eta hasi ginen kantari. Eta horrelaxe, iluntzean, kantari itzuli ginen etxera, tarteka ipurtargiren batek keinu egiten zigun bitartean, non eta New York erdian.
 

Saio honetako beste atal batzuk