New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Langileen atsedenaz

Kirmen Uribe

Ezaguna da Lunch atop a Skyscraper izeneko argazkia. 1932ko irailean atera zuten, Rockefeller plazako eraikin luzeena altzatzen ari zirenean. Altzairuzko langa baten gainean, zeruan zintzilik ia, hamaiketakoa egiten ari dira langileak. Garai hartan argazkiak ez ziren sinatzen eta ez dakigu nor zen egilea, badakigun gauza bakarra da Corbis agentziakoa dela. Esaten da langile horietako bat euskaldun bat zela, Balmasedakoa hain zuzen, euskaldunak nonahi aurki baitaitezke munduan.

00:00 / 3:13

Entzuteko beste bide batzuk

Langileen atsedenaz

Kirmen Uribe

2023ko irailak 18

Momentuak jasotzen dituzte argazkiak, esanahi handiko lipar bat. New Yorkek halako egoera anitz eskaintzen dizkizu, era guztietako momentu esanguratsuak. Aurreko astean gertatu zitzaidan. Kaletik oinez nindoala, astegun buru zurian, Columbus etorbidea eta 104. kaleko futbol zelai txikitik zalaparta entzun nuen. Burdinazko hesiaren artetik, jendetza ikusi nuen. Futbolean ari ziren elkarren aurka bi hamaikako eta ikusleak ere andana.


Futbol zelaiaren sarreran, ehundaka bizikleta zeuden, botata. Bizikleta elektrikoak, banatzaileek janaria banatzeko erabili ohi dituzten horietakoak. Bizikletariak elkarren aurka ari ziren partida jokatzen, astegun goiza profitatuz. Askotan ikusten ditut banatzaileak. Jatetxe kanpoaldean, zain, euritan ere bai, etxeetara banatu behar duten agindua hartzeko esperoan, edo gaua bukatzen denean, zerbeza lata bat edaten espaloian, denak batera. Baina futbol partidarena berria zen. Bizipoza transmititzen zuten, elkarrekin jolasean, barrez, berbetan gaztelaniaz, migrari etorri berriak. Bizikletak ere, bata bestearen gainean zeuden, haiek ere jolasean baleude bezala, elkarri besotik helduta, bilin-bolan. Bake une bat, egunerokotasunaren infernuan.

Saio honetako beste atal batzuk