New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Larunbata hamaika

Kirmen Uribe

Irailaren hamaikagarrena larunbata suertatu da aurten, dorre bikien erasotik hogei urtera. New Yorken, ostiral gauez etxetik ikusten genituen argizko dorre biki luzeak, hodeietan galtzen zirenak. Garai bateko zero orubetik zetorren argia. Gainontzeko etxe-orratzek, Empire State zaharrak eta berriagoek Estatu Batuetako banderaren koloreen argiak zituzten.

00:00 / 2:52

Entzuteko beste bide batzuk

Larunbata hamaika

Kirmen Uribe

2021ko irailak 13

Irailaren hamaikagarrena larunbata suertatu da aurten, dorre bikien erasotik hogei urtera. New Yorken, ostiral gauez etxetik ikusten genituen argizko dorre biki luzeak, hodeietan galtzen zirenak. Garai bateko zero orubetik zetorren argia. Gainontzeko etxe-orratzek, Empire State zaharrak eta berriagoek Estatu Batuetako banderaren koloreen argiak zituzten.

Larunbata eder esnatu zen, oskarbi, urdin, duela hogei urte bezala. Hiriaren hegoaldetik helikopteroen zalaparta zetorren, presidentea hantxe zegoen seinale. Kaleetatik irlandarren gaita hotsa, etxeetako leihoetan, banderak. Columbia unibertsitateko kanpusera joan nintzen goizez, liburutegira. Hango belazeetan banderatxo txikiak aurkitu nituen, ehundaka, tximeleta monarkak balira bezala, belarrean atseden hartzen. Liburutegiko lanak egin eta ogia erostera joan nintzenean supermerkatuko emakume afroamerikarrak banderadun maskararekin egin zidan kasu, atsegin.

Lasai joan zen eguna, geldo. Arratsaldean, Dublin izeneko auzoko taberna irlandar antzinakoaren kanpoaldean poliziak eta su-hiltzaileak zeuden mahaietan eserita, solasean. Neure buruari galdetu nion galdutako lagunak omentzen egongo ote ziren. Txarteltxo bat, bazter batean. San Patrizio irlandarren egunerako urte erdia geratzen da! Iluntzean, hegazkin bi ikusi genituen zeruan arrastoa uzten. Ematen zuen agertu berri zen ilargirantz zihoazela.

Memoriaren egunean, bizitzak aurrera egin nahi zuen.

Saio honetako beste atal batzuk