New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Liburu azokako perlak

Kirmen Uribe

Madrileko liburu azokara liburuak sinatzera joan bai, baina Durangokotik legez, zaku bete libururekin itzultzen naiz etxera. Klasikoen itzulpen berriek deitu didate arreta aurten, Odisea ala Genesiaren liburuaren itzulpenek. Azken hau, laiko batek egindako lehen itzulpena, gaur eguneko hizkeran. Liburua berriz itzultzean, jatorrizko iturrietara zuzenean joatean, deskubrimenduak egiten dira.

00:00 / 3:34

Entzuteko beste bide batzuk

Liburu azokako perlak

Kirmen Uribe

2022ko ekainak 6

Madrileko liburu azokara liburuak sinatzera joan bai, baina Durangokotik legez, zaku bete libururekin itzultzen naiz etxera. Klasikoen itzulpen berriek deitu didate arreta aurten, Odisea ala Genesiaren liburuaren itzulpenek. Azken hau, laiko batek egindako lehen itzulpena, gaur eguneko hizkeran. Liburua berriz itzultzean, jatorrizko iturrietara zuzenean joatean, deskubrimenduak egiten dira.
    Esate baterako, Eba Adanen saihetsetik sortu zen mito haren inguruan. Nonbait “saihets” hori ez omen da itzulpen zuzena. Zehatzagoa, “hezur” edo “haga” izango zen. Nonbait saihetsetik baino gizonari falta zaion hezur batetik sortuko zen Eba, primateek baduten eta gizakiek ez duten zakileko hezurretik, hain zuzen. Ez dakit zer den okerragoa, saihetsa ala zakila. Orobat, denok dakigu, Eba izan zela Adan nahastu zuena debekatua den sagarra jateko. Eta geroztik Jainkoak zigortu zuen emakumea oinazean erditzen.
    Dena den, Genesian agertzen ez bada ere, Isaiasen liburuan esaten da Ebaren aurretik Lilith izan zela Adanen maitalea. Baina nonbait ez zion kasu handirik egiten gizonari, nahikoa independentea omen zen,  eta paradisutik bota egin omen zuten. Geroztik, Lilith batzuentzat deabru antzeko zerbait da, madarikatua, eta beste batzuentzat figura askatzailea. Gure lamiak ere, badirudi, Lilith horren oinordekoak direla.
    Genesiari buruzko teorien artean esaten da azkenik hiru idazle izan zituela eta nagusia emakumezkoa izan bide dela, izan ere, emakumezko ugari agertzen baita liburuan, pertsonaia konplexuak denak, eta gizonezkoak aldiz oinarrizkoak dira, ume handi batzuk. Nor bere buruari galde genezake idazlea emakumezkoa bazen zergatik isildu zuen Lilith-en agerpena eta Eba hain otzan jarri zuen. Argi dago, gauza bat da idazlea eta bestea ingurumarian duen gizartea. Eta orduan ere, agi denean, gizartea patriarkala zen.
    Eta hau dena, liburu azokan aurkitutako perla batetik.

Saio honetako beste atal batzuk