New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Liburuen debekuaz

Kirmen Uribe

Asteon, Texaseko epaile batek Llano eskualdeko liburutegi publikoei agindu die debekatuak zituzten liburuak berriz ere apalategietara itzultzeko. LGTBQ+ kolektiboen bizipenak jasotzearren erretiratu zituzten liburuak. Texas da, Floridarekin batera, liburu gehien debekatu duen estatua.

00:00 / 3:43

Entzuteko beste bide batzuk

Liburuen debekuaz

Kirmen Uribe

2023ko apirilak 3

Asteon, Texaseko epaile batek Llano eskualdeko liburutegi publikoei agindu die debekatuak zituzten liburuak berriz ere apalategietara itzultzeko. LGTBQ+ kolektiboen bizipenak jasotzearren erretiratu zituzten liburuak. Texas da, Floridarekin batera, liburu gehien debekatu duen estatua.
American PEN idazle elkartearen arabera, Estatu Batuetako eskola liburutegietatik albo batera utzitako liburuen artean gehienak, LGTBQ+ edo afroamerikarrekin lotutakoak dira. Ehuneko laurogeia. Gainontzeko liburu galaraziek bestelako gutxiengoen ahotsak agertzen dituzte. Zergatik isilarazi aniztasuna, zergatik debekatzen dituzte beste era batera ere bizi daiteekela erakusten diguten liburuak.
Liburutegiak kexu dira ixten ari direlako edo gero eta funts gutxiago jasotzen dutelako. Ez bakarrik Estatu Batuetan, Euskal Herrian ere eskoletako liburutegiak ixten ari dira espazio falta edo erabiltzailerik ez dutela aitzakia hartuta.
Baina.
Liburutegiak beti izan dira liburuen gordeleku baino areago. Princetonera egindako bisita batean, ikasle batek kontatu zidan bere herriko liburutegian etxerik gabekoak jasotzen dituztela, han egon daitezen gordean eta irakurtzen. Gure auzoko liburutegian hiritartasuna lortzeko ingeles ikastaroak ematen dira musu-truk errefuxiatu eta migrarientzat.
Liburuek badutelako dohain hori. Irakurriz ikasten dugu beste baten azalean jartzen, ezagutzen ditugu bestelako bizitzak, hurkoarekiko enpatia sortzen laguntzen digute, eta oraindik existitzen ez diren munduak imajinatzen.
Hain zuzen ere, liburu bat zabaltzen dakienak, bere bihotza zabaltzen ere badaki.

Saio honetako beste atal batzuk