New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Lincoln Centerreko garabiak

Kirmen Uribe

Steven Spielbergen West Side Story berrituan, New Yorkeko West Side edo mendebaldeak jasan zuen gentifrikazioa aipatzen da, nola Puerto Rico aldeko etorkinak bizi ziren etxeak eraitsi eta eraiki zituzten berriak, tartean Lincoln Center izeneko gunea. Hantxe daude aurrez aurre Met opera, New Yorkeko balletaren egoitza eta Orkestra Filarmonikoa. Harantzago, Julliard musika eskola entzutetsua dago, eta Alice Tull zinema aretoa non zine jaialdia antolatzen duten.

00:00 / 3:52

Entzuteko beste bide batzuk

Lincoln Centerreko garabiak

Kirmen Uribe

2022ko martxoak 21

Steven Spielbergen West Side Story berrituan, New Yorkeko West Side edo mendebaldeak jasan zuen gentifrikazioa aipatzen da, nola Puerto Rico aldeko etorkinak bizi ziren etxeak eraitsi eta eraiki zituzten berriak, tartean Lincoln Center izeneko gunea. Hantxe daude aurrez aurre Met opera, New Yorkeko balletaren egoitza eta Orkestra Filarmonikoa. Harantzago, Julliard musika eskola entzutetsua dago, eta Alice Tull zinema aretoa non zine jaialdia antolatzen duten.
    Larunbat iluntzean operara joan ginen lehen aldiz umeekin. Pucciniren Madama Butterfly ikustera. Bosgarren solairutik ikusi genuen, aulkirik merkeenak hantxe baitaude, “Family” deritzon harmailan, ia zeruan. Familiak haraxe joaten ziren garai batean eta horrexegatik izena. Larunbatean, hala ere, umeak egon bazeuden, baina adinekoak ikusi genituen batez ere bertan, eta etorkinak, eserlekuen prezioarekin bat. Handik goitik entzun genituen kapitain estatubatuar eta Nagasakiko Geisha haren ibilerak. Operaren lehen zatia ikusi genuen soilik. Atsedenaldian etxera joatea erabaki genuen, umeak ez aspertzeko lehen aldi hartan, eta beste baterako opera gosez geratzeko. Berez, emanaldia hiru ordutakoa zen.
    Operatik atera aurretik baina, eta atsedenaldia profitatuz lehen solairuko ostatura jaitsi ginen, handik hurre hurretik goza baitaitezke Marc Chagallek margotutako mural erraldoiak. Eta jende apaina txanpaina edaten ari zen bitartean gu mozkortu ginen Chagallen koloreekin. Dotore zeuden han ingurukoak, Gatsby handiaren nobela barruan baleude bezala, traje eta soinekoekin eta tragoa eskuan, kalakan. Haietako bat, nire oihalezko zapatilei begira geratu zen, erdeinuz,  eta iruzkina egin zion  lagunari, burlaz. Nik ez ikusiarena egin nuen. Berehala, atsedenaldiaren bukaerako kanpaia jo zutenean atera egin ginen eraikinetik.
    Pozik zeuden umeak. Eta gu ere bai. Ez ziren aspertu. Hain pozik ezen Lincoln Centerreko plazan dagoen iturriaren inguruan hasi ziren korrika, eta gu haien atzetik, harrapaketan. Operarako desegokiak begitandu arren, umeekin jolasean ibiltzeko, eskertu nituen nire oihalezko zapatilak.

Saio honetako beste atal batzuk