New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Lore-bilatzaileak

Kirmen Uribe

Hegaztiak edo mitxeletak jarraitzen dituzten horiek bezala, New Yorken loreak bilatzen dituzten zaleak daude. Ez naiz mendigoizaleez ari, parkeetan ibiltzen direnei buruz ari naiz. Central Parken, Riversiden, Bronx eta Brooklyngo belardietan, udaberriarekin atera berri diren lore bitxiak aurkitu eta apuntatzen dituzte, eta bata besterekin partekatu ere bai informazioa, sarean. Azaleak, jazintoak, ereinotza, denetarik. Ikusgarriena, sasoi honetan, tulipana da, kolore guztietan lehertzen baitira, bazter guztietan.

00:00 / 3:08

Entzuteko beste bide batzuk

Lore-bilatzaileak

Kirmen Uribe

2022ko maiatzak 30

Hegaztiak edo mitxeletak jarraitzen dituzten horiek bezala, New Yorken loreak bilatzen dituzten zaleak daude. Ez naiz mendigoizaleez ari, parkeetan ibiltzen direnei buruz ari naiz. Central Parken, Riversiden, Bronx eta Brooklyngo belardietan, udaberriarekin atera berri diren lore bitxiak aurkitu eta apuntatzen dituzte, eta bata besterekin partekatu ere bai informazioa, sarean. Azaleak, jazintoak, ereinotza, denetarik. Ikusgarriena, sasoi honetan, tulipana da, kolore guztietan lehertzen baitira, bazter guztietan.
    Paradoxikoa da nola sekula geratzen ez den hirian, abiadura gorrian bizi den jendartean, badiren batzuk nor denbora geratzeko, gauzarik txikienetan arreta jartzeko, loreen agerpenean, esate baterako.
    Taldeka eta musu-truk, parkeetan loreak aldatzen ibiltzen direnak ere badira, esparru txikiak hartu eta lorez betetzen dituztenak, neguko sastarrez libratu eta bizitzari beste aukera bat ematearren.
    Loreen tasuna da usaina, hori denok dakigu Eta landareez ari naizela, maria New Yorken legalizatu dutenetik nonahi hartzen da haren lurrina, kaletik zoazela, eta dendak ere zabaldu dituzte, gero eta gehiago. Azkena, gure kalean, zapatagin bat egoten zen leku berean. Oso lokal txikia da, txikerra benetan, metro bat zabalera izango du, bi eraikinen artean baitago moldatua.
    Orain ez dago zapataginik bertan eta haren ordez belarra saltzen duen mutiko bat dago. Egia esan, nork behar ditu zapatak belarrarekin hegan egin badezakezu.

Saio honetako beste atal batzuk