New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Lucciola, lucciola

Kirmen Uribe

Ilunabarra New Yorken gorrizta izaten da ekainean, eta hiriko eraikin luzeak laranja kolorez margotzen ditu une batez. Kaleak zuzenak direnez, urrunetik ikusi ahal da eguzkia sartzen. Hudson River ibaiaren atzealdean ezkutatzen da, New Jersey-n. Egunez bero egiten du, sargori, baina iluntzean goxatu egiten du eguratsak eta une atsegina izaten da paseorako. Ibai ertzera joan gara ilunbista ikustera.

00:00 / 4:04

Entzuteko beste bide batzuk

Lucciola, lucciola

Kirmen Uribe

2019ko uztailak 1

Ilunabarra New Yorken gorrizta izaten da ekainean, eta hiriko eraikin luzeak laranja kolorez margotzen ditu une batez. Kaleak zuzenak direnez, urrunetik ikusi ahal da eguzkia sartzen. Hudson River ibaiaren atzealdean ezkutatzen da, New Jersey-n. Egunez bero egiten du, sargori, baina iluntzean goxatu egiten du eguratsak eta une atsegina izaten da paseorako. Ibai ertzera joan gara ilunbista ikustera. Manhattan goitik behera zeharkatzen duen autobidearen azpitik igarota. Etxera bueltan gentozela, hantxe, autopistaren bazterrean, zerbait magikoa gertatu zaigu. Zelaitxo bat ipurtargiz beteta zegoen, dirdira egiten zuten, txandaka, bata besteari erantzunez edo, ohi duten moduan. Argitxoek olatuak sortzen zituzten, antzinako sinfonia bati jarraituz bezala. Nola izan liteke zortzi milioi biztanleko ziutate batean hainbeste ipurtargi egotea, autobideko autoen zaratari jaramonik egin gabe? Halako gauzak ditu hiri honek. Gogorra da, latza, baina opari ederrak ematen ere badaki, gutxien espero duzunean.

Umeak konturatu dira lehendabizi, nola ez. Gure ondotik jendea igarotzen zen, bakoitza bere ardurekin, ipurtargiez ohartu gabe. Baina umeak geratu egiten ziren, gozatu nahi zuten une berezi hartaz. Umeak eta edadetuak. Horiek. Nork bestela salbatuko du mundua? Gizon adintsu bat geratu da gure ondoan. “Berandu agertu dira aurten” esan digu, “beharbada ekaina euritsuegia izan delako. Italian maiatzean agertzen dira. Ni italiarra naiz. Lucciola esaten diogu guk ipurtargiari, eta txikitan kantu bat ere kantatzen genien: Lucciola, lucciola vien da me, che ti do il pan del re, il pan del re e della regina, lucciola, lucciola vieni viccina”. (Ipurtargia, zatoz, ipurtargia, emango dizut erregearen ogia, erregearena eta erreginarena, baina zatoz albora, ipurtargia). Zer esan nahiko du erregearen ogiak? Ona izango da itxura batean”. Hori esan eta, joan egin da.

Gizonaren aurpegitxoa geratu zait gogoan. Ipurtargien une hark bizkortu egin du agurea, biziarazi dizkio urruneko sorterria eta are aparteago dagoen haurtzaroa. Une batez, italieraz, bere barruko hizkuntza zaharrean kantatzen ari zitzaigun lipar horretan, argi egin du bere aurpegiak, ipurtargiek bezala argi. Hauskor, eder, autobidearen ertzean.

Saio honetako beste atal batzuk