New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Luke, Mari Jaiaren bihotza

Kirmen Uribe

Aspaldi ezagutu nuen Luke, 90eko hamarkadako Bilbon, mundua goitik behera irauli nahi genuen gazteon artean, irudimenez, umorez, bizizale. Satorrak konpartsako kide, Aste Nagusia bizi eta mugitzen zuen arima bihurria izan da ordutik hona. Jaia ez da soilik dibertitzea, mundu bidezkoago bat aldarri egitea ere bada. Ondo zekien hori Lukek, jaia ikusten zuen pertsonen arteko zubiak eraikitzeko tresna gisa, hezurdura bat emateko gizataldeari, elkar ezagutzeko, elkar laguntzeko, ez gaitezen izan hiritar bakartiak, bata bestearen axolarik gabe.

00:00 / 3:56

Entzuteko beste bide batzuk

Luke, Mari Jaiaren bihotza

Kirmen Uribe

2022ko azaroak 21

Aspaldi ezagutu nuen Luke, 90eko hamarkadako Bilbon, mundua goitik behera irauli nahi genuen gazteon artean, irudimenez, umorez, bizizale. Satorrak konpartsako kide, Aste Nagusia bizi eta mugitzen zuen arima bihurria izan da ordutik hona. Jaia ez da soilik dibertitzea, mundu bidezkoago bat aldarri egitea ere bada. Ondo zekien hori Lukek, jaia ikusten zuen pertsonen arteko zubiak eraikitzeko tresna gisa, hezurdura bat emateko gizataldeari, elkar ezagutzeko, elkar laguntzeko, ez gaitezen izan hiritar bakartiak, bata bestearen axolarik gabe.
Lukek eta kideek proposatu zuten nire izena pregoilari izateko 2011ko Aste Nagusian. Bazekien berak orduan ez nenbilela oso gora, galera handiak izan nituela, eta atera nahi izan ninduen tristuraren zulotik. Urte hartako Bilboko jaietan, eta Lurdesen eskutik, neure burua aurkitu nuen ostera ere. Hasiera berri bat izan zen niretzat.
Lurdes Luke pertsona ona zen gauza guztien gainetik, eta bizkorra, oso bizkorra. Gertatzen ari denaz beste inoren aurretik konturatzen den horietakoa. Nirekin asmatu zuen, ikusi zuen zer behar nuen eta eman egin zidan, bilbotarren maitasuna.
Lagunik onenak aldiro aldendu bai baina une garrantzitsuetan egoten badakitenak dira. Gure seme Aitzol jaio zenean bezala, 2012ko Aste Nagusian hain zuzen, txupinazoaren egunean. Han etorri zen Lurdes ospitalera, bera ere ama izan berri, Lierni haren umearekin, eta konpartsa kideekin, Satorrakeko kamiseta haurrari oparitzera.
Bat batean joan zara Luke, ohi bezala, abisatu gabe. Hutsune handia uzten duzu, izugarria. Baina badakit non aurkituko zaitudan, Mari Jaiaren barruan, hantxe, panpinari eragiten, dantzan eta alai, urtero Bilboko Aste Nagusian.

Saio honetako beste atal batzuk