New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Lurraren denbora

Kirmen Uribe

Klima-aldaketa dela eta jendetza bildu zen New Yorken pasa den astean. Astelehen eta ostiralez, hiriko kaleak manifestariek hartu zituzten egun osoz luzatzen ziren elkarretaratzeetan.

00:00 / 3:31

Entzuteko beste bide batzuk

Lurraren denbora

Kirmen Uribe

2019ko irailak 30

Klima-aldaketa dela eta jendetza bildu zen New Yorken pasa den astean. Astelehen eta ostiralez, hiriko kaleak manifestariek hartu zituzten egun osoz luzatzen ziren elkarretaratzeetan. Horien artean zegoen Greta Thunberg suediar gaztetxoa ere, bakarrik zihoan, afixa txiker batekin, ahotsik altxa gabe. Itsasontziz zeharkatu omen zuen Atlantikoa, hegazkinen kutsadura saihesteko. Itsasontzien mugimendu geldoa hobetsi zuen, noiz eta beti presaka bizi garen sasoi honetan. Mundura bere burua aldatzeko beste era bat.

Planetaren osasun pattalak ardura handia sortzen du inguru hauetan. Gizarte zibilak indar handia egiten du gobernu eta botereen jokaera aldarazteko. Asteon, Lurraren tenperatura igoerak ekarriko duen galeren artean, ezaguna egiten zitzaidan izen bat aurkitu nuen berrietan. MI’Kmaq (Mik-mak) gizataldea. Garai batean euskal baleazaleekin hartu-emana izan zuen herria. Hizkera berezi bat ere asmatu genuen elkarrekin, dakizuenez. Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek ere egin zuten antzezlana aintzat hartuz haiek. Kontua da, gizatalde hori bizi den Lennox irla gero eta hondoratuago dagoela. Eta kalkulatzen da 2050erako irlaren azalera erdira jaitsiko dela. Hasi dira mikmaktarrak neurriak hartzen, harresiak ere eraiki dituzte beraien eskuekin, baina itsasoaren gorakada geldiezina da. Kosta ala kosta babestu nahi duten tokien artean, hilerria dago. Irla salbatu nahi dute, eta orobat memoria. Izan ere gu katebegi bat baino ez gara milaka urteetako kate luzean. Hunkitu egin ninduen hilerria babestu nahi horrek. Guk ahaztuxea dugun sentsibilitatea erakusten zuten, gurean hildakoak ahalik eta azkarren kentzen ditugu albotik, gurekin zerikusiririk ez balute bezala, ahaztuta behin hain maite izan genituen pertsonak baino ez direla hildakoak.

Eta erakutsi digute Lennox irlako biztanle zaharrek munduan gaudela beste batzuk egon direlako aurretik. Etorriko dira gero berriak, eta horiei utzi behar diegu lurra eta oroimena, horretarako neurriak hartuz. Eta azkar hartu gainera, horretan bai, hegazkin baten abiadurarekin.

Saio honetako beste atal batzuk