New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Marabilli re

Kirmen Uribe

Facebook-etik ikusi dugu aurten Marabilli Sormen Festibala. Aurrerabideak dakartzan abantailak, nahiz eta batzuetan nekeak ere ekarri.

00:00 / 3:38

Entzuteko beste bide batzuk

Marabilli re

Kirmen Uribe

2019ko urriak 7

Facebook-etik ikusi dugu aurten Marabilli Sormen Festibala. Aurrerabideak dakartzan abantailak, nahiz eta batzuetan nekeak ere ekarri. Ezin Ondarroan egon. Ederra da ikustea nola egin duen aurrera jaialdiak, lagun galdu bat omentzeko lagunartean sortutako ekimenak. Marabilli ez da profesionala. Esan nahi baita, antolakuntzako jendeak ez du dirurik irabazten hura antolatzeko. Lortzen doan dirua bueltan doa egileentzat edo herrira, bada premia eta. Arrantzaleen ohitura zaharrari jarraituz, diru guztia xahutzen da. Marabilli ez da jaialdi pasibo bat, non besterik gabe ikustera zoazen eskaintzen dizutena. Ez, hartzaileak aktibo izan behar du, parte da bera ere, hartzailerik gabe ez baitago arterik. Marabillik edukiaren aldeko apustua egiten du, ez du entretenitu nahi, nahikoa gaude entretenituak era guztietako gailuekin. Marabillik kontatu nahi du artelanaren atzean dagoena, nola sortzen den film bat, liburu bat, bertso bat, zein den kitzika jatorrizkoa. Gazteek edo ez hain gazteek gauza bera egin dezaten, sortu. Marabillik ez du bereizten sormena bizi dugun garaitik, autorea ingurumari jakin batean bizi baita eta ezin hori bazterrera utzi, sormenaren atzean dauden kezka eta arazo sozialak. Marabillik gonbidatzen ditu egile entzutetsuak baina baita ere hasiberriak, zu zeu ere bazara artista. Marabillik ez du sinisten betiko arauetan, obedientzia itsuan. Bestelako logiketan sinisten du Marabillik, haur eta zoroen logiketan nahi baduzue, gu ere pixkat haur eta zoro baikara. Ematen dugun sariak ez du diru-ordainik, buruhandi bat egiten zaio bere itxurarekin sarituari, buruhandi bihurtzen dugu, haurtzarora bueltatzea da saria. Ez dago sari hoberik. Bazterrekoak dira gure santuak. Horiek maite ditugu, jende bakartia, jende isolatua, zalantzatia, beste era batera pentsatzen ahalegintzen dena. Sormena baitator mundua ulertu nahi eta ezin batetik, estuasun horretatik sortzen da margoa, bizitza. Marabilli sortu zen lagun baten galeratik eta beste hainbat lagun berri egin ditu bidean, horien artean edizioz edizio herrira etortzen diren artistak, lanak jendaurrean erakutsi edo ez. Marabillik jendea biltzen du, jatorri, pentsamolde, sineskera, hizkera, tamaina eta adin desberdinetakoak. Bildu eta ez banatu. Marabillikook ez ditugu hankak lurrean izan nahi. Antolatzaileen argazkiari begiratzen badiozue, hondartzan ageri dira, barrenak altxa eta hankak uretan eta kolore guzietako banderei eraginez. Hankak uretan eta buruak libre. Hori dena pentsatu dut Marabilli Facebook bitartez ikustean. Atera kontuak, bertan izan banintz…

Saio honetako beste atal batzuk