New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Maskararik gabe (edo)

Kirmen Uribe

Maiatzaren 13a mugarri izan da Estatu Batuetan pandemiaren aurkako borrokari dagokionez. CDC edo gaixotasunen kontrol eta prebentziorako erakunde federalak egun horretan adierazi zuen, hilabete asko eta gero, txertoa hartuta dutenek ez dutela beharrezkoa maskara erabiltzea. Ez kanpoaldean eta ezta barrualdean ere, salbuespenak salbu. Biden presidentea ere, lehen aldiz, muturrekorik gabe aurkeztu zen prentsaurrekora.

00:00 / 2:50

Entzuteko beste bide batzuk

Maskararik gabe (edo)

Kirmen Uribe

2021ko maiatzak 17


    Maiatzaren 13a mugarri izan da Estatu Batuetan pandemiaren aurkako borrokari dagokionez. CDC edo gaixotasunen kontrol eta prebentziorako erakunde federalak egun horretan adierazi zuen, hilabete asko eta gero, txertoa hartuta dutenek ez dutela beharrezkoa maskara erabiltzea. Ez kanpoaldean eta ezta barrualdean ere, salbuespenak salbu. Biden presidentea ere, lehen aldiz, muturrekorik gabe aurkeztu zen prentsaurrekora.
    Alta, New Yorken behintzat, ez da egon halako askapen eztandarik. New Yorkeko jendartea mesfidati dago. Hiritarrek maskararekin jarraitzen dute, nahiz eta gobernu federalak bestelakoa esan. Kaleko jendea zuhur dabil, behin maskara jazteko ohitura hartuta kosta egiten da aldatzea, beldurra ere badago edo errespetua. Edonola ere, hiritarrak agintariak baino zentzudunago dabiltza. Kostaldean esaten dugun bezala jendea “amura” dago. Edo “amua ezpainean”, maskara kentzeko bizkorregi ez ote den. Amua ezpainean eta maskara soinean.
    “Pertsona” hitza grezierazko “proposon” hartatik omen dator. Proposon-ek, hain zuzen, “maskara” esan nahi du. Ohitu egin gara hura eramatera. Pertsona eta maskara gauza bera. Eta orain kosta egiten zaigu pertsona berriak izatea.
    Gaitza ba omen doa. Elkarren aurpegiak ikusiko ditugu berriz, elkar besarkatuko dugu. Hildakoez gogoratuko gara, baina ahaztuko garai honetako estuasunez. Umorez ere oroituko ditugu egunok.
    Nire galdera da, ikasiko al dugu zerbait honetaz guztiaz?

Saio honetako beste atal batzuk