New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Metroan

Kirmen Uribe

Joan den hilaren 15ean, berrogei urteko emakume bat hil zuten metroan, Times Squareko geltoki jendetsuan. Buruko gaitza zuen gizonezko batek bultzatu zuen trenbidera eta bertan hil zen trenak harrapatuta. Gertaerak kezka handia sortu zuen hiritarren artean. Alta, ez zen estreinako aldia, trenera botatako pertsonen kopurua ehuneko berrogeita hamarrean igo da pandemia hasiz geroztik. Metroa da New Yorken ibiltzeko modurik bizkor eta merkeena eta langileek hura behar dute hiri barruan mugitzeko. Metroa, halaber, etxerik ez duen jendearen gordelekua ere bada.

00:00 / 4:14

Entzuteko beste bide batzuk

Metroan

Kirmen Uribe

2022ko otsailak 7

Joan den hilaren 15ean, berrogei urteko emakume bat hil zuten metroan, Times Squareko geltoki jendetsuan. Buruko gaitza zuen gizonezko batek bultzatu zuen trenbidera eta bertan hil zen trenak harrapatuta. Gertaerak kezka handia sortu zuen hiritarren artean. Alta, ez zen estreinako aldia, trenera botatako pertsonen kopurua ehuneko berrogeita hamarrean igo da pandemia hasiz geroztik. Metroa da New Yorken ibiltzeko modurik bizkor eta merkeena eta langileek hura behar dute hiri barruan mugitzeko. Metroa, halaber, etxerik ez duen jendearen gordelekua ere bada.
    Udalak neurriak hartu ditu. Trenak astiro sartzen dira geltokietara orain, eta nasetan metakrilatozko hormak jartzeko plana abiarazi du. Baina badago beste gai bat ere mintzagai bihurtu dena. Egokia da buruko gaitza duten eta kalean bizi diren horiekin egiten den lana? New Yorkeko Times-aren arabera, pandemiaz geroztik, gero eta buruko gaixo gehiago dago, eta osasun sistema ezinean dabil. Luzaroko zaintza pertsonalizatuak egin beharrean, ospitaleak bihurtu dira botiken mostradoreak, ez dira pertsonak tratatzen, botika eman eta kito. Metroko hiltzailearen arrebak esan berri du nebak pertsona errugabe bat hil duela eta hori ikaragarria dela. Baina bakarrik utzi dutela ere egia dela. Nahiz eta hamarkada luzeetan gaitzarekin egon, inor ez zen haren nebaz arduratzen.
    Atzo bertan, metroa hartu genuen Brooklyneko lagun euskaldun batzuengana bisitan joateko. C trena, hain zuzen. Geltokira gindoazela, eskaileretan behera, kalean bizi den gizon batek “putakumeak!” oihukatu zigun bat batean eta alde egin zuen. Ikaratu egin ginen. Baina behin geltokian, gizon bat aurkitu genuen flauta joz, eskean zegoena. Musikari ona zen. Beste gizon bat etorri zen handik gutxira eta geltokiaren beste muturrean jarri zen. Ez zuten elkar ezagutzen. Flauta-jotzailearen musikaren doinua errepikatzen hasi zen ahoarekin. Gero, danbor txiki bat atera eta flautaren gizonaren musika jarraitzen hasi zen. A ze momentu majikoa. Jendea liluratuta zegoen haiek entzuten, kaleko bi gizon, neguko igandea alaitzen.
    Trena iritsi eta bukatu egin zen momentua. Jendea bagoietara igo zen, bakoitzak bere zereginetan jarri zuen jomuga, kaleko bi musikariak nasan bakarrik utzita.

Saio honetako beste atal batzuk