New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Minutu bakar batean

Kirmen Uribe

New Yorkeko kaleak hutsik daude. Atzo igandez hasi zen etxean geratzeko agindua. Dena dago zarratuta, ezinbestekoak diren lanak baino ez dira egingo. New York famako egin duten etorbide argitsuetan ez dago autorik, taxi horiak ere banaka batzuk. Lantzean behin janari banatzaileak ikusten ditut bizikletan, oinezkoren bat.

00:00 / 3:09

Entzuteko beste bide batzuk

Minutu bakar batean

Kirmen Uribe

2020ko martxoak 23

New Yorkeko kaleak hutsik daude. Atzo igandez hasi zen etxean geratzeko agindua. Dena dago zarratuta, ezinbestekoak diren lanak baino ez dira egingo. New York famako egin duten etorbide argitsuetan ez dago autorik, taxi horiak ere banaka batzuk. Lantzean behin janari banatzaileak ikusten ditut bizikletan, oinezkoren bat.
    Astean ez da egon eskolarik eta ez ditut ohiko moduan aurkitu atarian ume zaintzaileak. Beti agurtzen naute, atsegin. Auzoetako emakumeak izaten dira, afroamerikarrak, latinoak, asiar jatorrikoak. Baina aste honetan ez zeuden. Gurasoek etxetik egiten dute lana eta umeekin batera daude, gordeta. Zaintzailerik ez da behar, beraz.
    Auzokoaren umea zaintzen duen emakumea txitean potean aurkitzen dut korridorean. Trakets egiten du ingelesez (nire antzera) eta jatorriz Himalaia aldekoa ematen du. Goizean goiz iristen da haurraren bila eta arratsaldeko seiak aldera arte zaintzen du. Orduan ailegatzen dira gurasoak lanetik. Egun osoa egiten dute etxetik kanpo, umetxoa ikusi gabe. Beraiekin baino gehiago egoten da jagolea seinarekin.
    Arratsalde batean, berak lana bukatu eta gero elkarrekin jaitsi ginen igogailuan. Neke aurpegia zuen. “Atseden hartzeko ordua”, esan nion nik. “Umeekin egoteko ordua”, esan zidan berak. Hasieran ez nuen ulertu, eskuetan zuen mugikorrean haur batzuen argazkia ikusi nuen arte. Egun osoz egoten zen beste haur bat zaintzen bere umeak bakarrik utzita. Hori dena jakin nuen igogailuak goitik behera egiten duen minutu bakar batean.
    Ez dakit emakumeak lana galdu duen edo dagoeneko ez duen etorri nahi, gaitzaren beldurrez. Igogailuan ere bakarrik noa azken aldian, etxe barrukoek nahiago dute txandaka igo, ez kutsatzeko, minutu bakar horretan.


Saio honetako beste atal batzuk