New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Mugan

Kirmen Uribe

    Amerikako Estatu Batuetara itzultzen naizen bakoitzean gertatzen zait. Mugazainek paperak behatzen dituzte eta ohiko galderak egin, nondik zatoz, zenbat denborako, zein da zure osteraren arrazoia.

00:00 / 3:37

Entzuteko beste bide batzuk

Mugan

Kirmen Uribe

2020ko urtarrilak 13

Amerikako Estatu Batuetara itzultzen naizen bakoitzean gertatzen zait. Mugazainek paperak behatzen dituzte eta ohiko galderak egin, nondik zatoz, zenbat denborako, zein da zure osteraren arrazoia. Normalean, hori egin eta libre izaten duzu sarrera. Baina ni, paperak egoki izan arren, beti sartzen naute kontrolera. Mugazainak polizia bati deitzen dio eta harekin batera joaten naiz gela batera. Gabon ostean ere horrela gertatu zitzaidan. Senideak igaro ziren munduko lehen ekonomiara, horiei utzi zieten, baina nik itxaron behar izan nuen. Hasieran izutu egiten nintzen ez ote zidaten sartzen utziko. Baina orain lasai hartzen dut, nire bisa miatzen dute eta ohartzen direnean dena zuzen dagoela pasaportean sarrera zigilua jartzen dute. Orain arte hori jazo da behintzat.
    Alta, beste batzuen zortea ez da bera izaten. Kontrolera eramandako gehienak turista despistatuak izaten dira, ausaz erori dira sarean eta ez dute arazo handirik izaten. Dena den, aurrekoan, emakume bati egindako galdeketa zuzenean ikusi nuen eta ez zen bat ere xamurra izan. Neskatoa hasieran lasai zegoen baina estutzen joan zen. Galdetu zioten non egiten zuen lan, “artista naiz”, erantzun zuen. Galdetu zioten nola ordain zezakeen alokairua, “lagun baten etxean bizi naiz”, ihardetsi zuen. Galdetu zioten osasun asegururik bazeukan, “bidaia estaldura” bat zuela esan zien. Ohartarazi zioten lanik ezin zuela inola ere egin eta bere denbora mugatua zela Estatu Batuetan. Neskak onartu egin zuen ezinbestean. Neure golkorako pentsatu nuen, neska hura hain estu hartu zutela, azkenean, pobrea zelako. Nola aldatu diren gauzak. Duela gutxi arte ongi etorriak ziren munduko txiro guztiak hemen, lan egin nahi zuen denek zuten tokia, hori zen baldintza bakarra, gogor lan egitea. Besterik ez. Ongi etorriak ziren, halaber, artistak eta beraien pentsamendu kritikoa, herri bat eraikitzeko beharrezkoa ikusten zen-eta. Bada, non geratu da orain hori dena?
    Pentsamendu horiekin nebilen, “Uribe” deitu eta pasaportea eskura eman zidaten. Libre nintzen muga zeharkatzeko.  Poza hartu zuten umeek ikusi nindutenean, zain zeuden zer izango, eta maletekin trena hartu genuen hiri handirantz, noizbait aukeren herrialdea izan zen honetan.

Saio honetako beste atal batzuk