New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Mundua aldatzeko loreak

Kirmen Uribe

Udaberriarekin batera lorategiak atontzen hasten dira New Yorken. Neguaren gorriarekin soil geratu diren belazeak kolorez loratzen hasten dira. Lan hori parkeetako langileek egiten dute baina ez soilik beraiek. Hiritarrek ere bai. Eraikinen artean, hutsuneetan, auzokideek baratzeak lantzen dituzte. Community Garden deitzen dira, hots, komunitatearen baratzeak. Gure auzoan ere badaude batzuk, eta denetariko jendea ikusten duzu han, elkarrekin lanean, barazkiak eta landareak aldatzen. Baratzeak ez dira inorenak, guztionak dira.

00:00 / 4:03

Entzuteko beste bide batzuk

Mundua aldatzeko loreak

Kirmen Uribe

2023ko martxoak 20

Udaberriarekin batera lorategiak atontzen hasten dira New Yorken. Neguaren gorriarekin soil geratu diren belazeak kolorez loratzen hasten dira. Lan hori parkeetako langileek egiten dute baina ez soilik beraiek. Hiritarrek ere bai. Eraikinen artean, hutsuneetan, auzokideek baratzeak lantzen dituzte. Community Garden deitzen dira, hots, komunitatearen baratzeak. Gure auzoan ere badaude batzuk, eta denetariko jendea ikusten duzu han, elkarrekin lanean, barazkiak eta landareak aldatzen. Baratzeak ez dira inorenak, guztionak dira.
Eta ez dira soilik hiria edertzeko, biztanleen bizi baldintzak hobetzearekin ere badu zerikusia. Bronxen bada The Garden of Happiness edo zorionaren baratzea deritzon gune bat. 1980ko hamarkadaren bukaeran sortu zuten. Konturatu ziren auzorik txiroenetan barazkiak erostea ez zela erraza. Janari bizkorra saltzen duten lokalak zeudela nonahi, baina janari osasuntsua eskuratzea zaila zela oso. Eta horrek gaitzak sortzen ditu, tartean diabetesa. Eraitsi zen etxe baten hondakinak garbitu, eta orube hartan bertan, eraiki zuten auzokideek baratzea, barazkiak landatu eta auzokideen artean banatzeko. Geroztik, New Yorkeko beste toki batzuetan jarraitu dute haien eredua.
Natura oasiak dira lorategiak hemen, etxegintzaren presio handia jasaten duen hirian.
Jendea bildu egiten da baratzeetan, hitz egin, lurra landu, kimuak loratzen ikusi eta gero fruituak jan. Horixe da egiten dutena. Naturaren denbora geldora itzuli.
Ezaguna da Banksy margolariaren grafiti bat. Molotov koktela bota beharrean, lorez betetako botila bat jaurtitzen duen manifestariarena. Pintura hori hartu dut gogoan hiriko ortuen kontu honekin.
Mundua aldatzeko, aldatu landareak.

Saio honetako beste atal batzuk