New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Mundua salbatzeko bixkotxak

Kirmen Uribe

Greta Thumberg-en olatuak gogor jo du hemen, gaztetxoak oso arduratuta daude naturarekin. Bederatzi urteko alaba ekologista egin zaigu, eta barazki-jalea. Ekintzailea ere egin da.

00:00 / 3:18

Entzuteko beste bide batzuk

Mundua salbatzeko bixkotxak

Kirmen Uribe

2020ko otsailak 3

    Greta Thumberg-en olatuak gogor jo du hemen, gaztetxoak oso arduratuta daude naturarekin. Bederatzi urteko alaba ekologista egin zaigu, eta barazki-jalea. Ekintzailea ere egin da. Aurreko asteburuan bixkotxak egin zituzten eta horiek saltzen egon ziren 72. kaleko metro geltokiko parketxoan. Gaileta bat, dolar bat. Dirua Australiara bidali nahi zuten, hango fauna berrizten laguntzeko.
    Ekintza alabaren laguntxo batek antolatu zuen, ama australiarra du. Familiak Europatik ihes egin zuen Bigarren Mundu Gerran, naziek hil behar zituzten eta. Eta handik lan bila New Yorkera.
    Goiza koala eta kanguruak margotzen igaro zuten etxean, afixak egin zituzten horiekin eta gero han joan ziren bixkotxak saltzera.
    Jendea eskuzabala izan ohi da hemen eta mundua salbatzeko bixkotxek arrakasta izan zuten. Eskuzabalena izaten da maiz gutxien duena. “Nik bi ordainduko ditut baina bakarra eramango. Emaiozue bestea gose denari”. Hori esan zien itxura apaleko emakume batek. Eta halako batean hara non agertzen den etxerik gabeko bat esanez eskertuko zuela bere urdailak bixkotxa. Oinezko batzuk zuhurrak izaten dira eta galdetzen dute zein den zehazki dirua jasoko duen gobernuz kanpoko erakundea. Horiek badute dirua. Eta momentuan bertan begiratzen dute mugikorrean ea erakunde hori benetakoa den ala ez. Eta baiezkoa bada emango dizute zorioneko dolarra.
    Gizon nagusi batek hamar dolarrekoa emanez esan zien, “gailetak baino gustukoago dut zuen jarrera. Pozik nago gazteak aktibistak datozelako”. Di-da batean ziren bixkotxak eta gaztetxoek pozik bildu zuten dendatxoa.
    Asteburu honetan berriz egin nahi omen dute ekintza 96. kaleko geltokian. Oraingo honetan desagertzeko zorian dauden gepardoen alde.
    Ai ama, gure alaba ekologista. Ez dakit nola itzuliko garen udan Euskal Herrira. Gretak ez omen du hegazkinik hartzen asko kutsatzen dutelako. Hori ere iritsi zaio alabari eta ez ditu hegazkinak begi onez ikusten.
    Ondarruko arrantzaleei eskatu beharko diet gure bila etortzeko.

Saio honetako beste atal batzuk