New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Munduko etxerik garestiena

Kirmen Uribe

Munduko etxerik garestiena saldu da New Yorken. Central Park-aren hegoaldeko ertzean, lau solairuko pisu batek 238 milioi balio izan ditu. Oso garesti dira etxeak hemen, eta normalean txikerrak eta zaharkituak izaten dira.
00:00 / 3:46

Entzuteko beste bide batzuk

Munduko etxerik garestiena

Kirmen Uribe

2019ko ekainak 17

Munduko etxerik garestiena saldu da New Yorken. Central Park-aren hegoaldeko ertzean, lau solairuko pisu batek 238 milioi balio izan ditu. Oso garesti dira etxeak hemen, eta normalean txikerrak eta zaharkituak izaten dira. Etxeen garestitze hau ez da soilik Manhattan-era mugatzen, hots, erdialdera, auzoetara ere iritsi da, Harlem edo Brooklyn aldera esate baterako. Ondorioz bertako betiko bizilagunek hiria utzi eta aberaskumeei utzi diete lekua, gentrifikazioa. Ohiko irudia da, auzo horietan, oso modan dauden jatetxeak beteta ikustea. Jatetxe barruan zuriak egoten dira, plater berriak dastatzen. Kanpoan, espaloian eserita, beltzak.

Biderkatu egin dira etxebizitzen prezioak azken hamarkadetan. 80ko hamarkadan, gure auzoko eraikin oso baten jabe egin zintezkeen berrogeita hamar mila dolar eskas ordainduta. Heroinaren urteak ziren. Elkar hiltzen ibiltzen ziren bandak. Garai hori umetan ezagutu zuen New Yorkeko Liburutegian kide dudan historia irakasleak. Berak badu teoria bat: Manhattan-en hiru giza-talde daude, eta beraien etxeen altueraren arabera sailkatzen dira taldeok. Lehenik, alokairua ordaindu ahal dutenak daude. Horiek bizi dira eraikinaren goiko solairuetan. Bigarrenez, sotoko etxean bizi den familia dago. Zaintzaz arduratzen dira, garbiketaz, atezainaren familia izaten da hori. Etorkin latino-amerikarrak dira gehienbat. Eta azkenik, lurrazpian bizi direnak daude, arratoiekin bizilekua partekatzen, metroko eskaleak.

Ez pentsa, eskalea edo homeless-a izatea ez da hain zaila. Edonor izan daiteke gutxien espero duenean. Bikote banaketa batek eraman zaitzake zulora. Edo lana galtzeak. Honetan ere, emakumeek eta gutxiengoetako kideek dute galtzeko gehien. Harrigarria eman arren, homeless horietako batzuk badute lana. Ogibidea bai, baina ez dute etxe-biderik, alegia, ez dute pisua ordaintzeko adina irabazten eta kalean bizi dira. Goizean, atondu eta lanera joaten dira.

Gure eraikinaren zaintzaz arduratzen den familia dominikarra da. Egun osoz ari dira lanean. Aita, ama eta semea. Ni saiatzen naiz beraiekin gaztelaniaz egiten baina beti ingelesez erantzuten didate. “Ez dute jakingo”, pentsatzen dut neure golkorako. Hala ere, behin entzun nuen semea eraikina margotzera zetozen margolariei gaztelaniaz egiten. Abagunea aprobetxatu nahian “Buenos dias” esan nion. Eta berak bueltan, “Good morning Mr. Uribe”. Horixe da legea: lehen pisutik beherakoei gaztelaniaz, goiko pisuetakoei, ingelesez.

Saio honetako beste atal batzuk