New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Nire Amerika

Kirmen Uribe

Astelehena, hilakĀ  8. New York sartu da lehen fasean hiru hilabete eta gero. Kostata baina iritsi da eguna. Eta alkateak bertan behera utzi du George Floyd- en hilketaren ondorioz ezarri zuen etxeratze-agindua. Bi astez luzatu dira protestak.

00:00 / 3:23

Entzuteko beste bide batzuk

Nire Amerika

Kirmen Uribe

2020ko ekainak 8

Astelehena, hilakĀ  8. New York sartu da lehen fasean hiru hilabete eta gero. Kostata baina iritsi da eguna. Eta alkateak bertan behera utzi du George Floyd- en hilketaren ondorioz ezarri zuen etxeratze-agindua. Bi astez luzatu dira protestak.

Izan ere, jendea nazka eginda dago. Zenbat afroamerikar hil diren poliziaren eskuetan, debalde. Floyd ez da lehena izan. Luzea da katea. Gainera, Covid 19-aren krisiak areagotu egin du amorrua. Coronavirusaren ondorioz hildako gehienak afroamerikarrak eta latinoak izan baitira. Eta gaitzaren ondorioz sortutako langabezia gogorren jasango dutenak ere horiek izango dira, betikoak.

Bi Estatu Batuak daude. Beti esan dut. Bata da zuri supremazistena, dirua helburu duten neoliberalena, giza eskubideak batzuentzat bakarrik direla uste duten horiena, arma-zaleena, natura ito arte ustiatu behar dela pentsatzen duten horiena, nola eta nor maitatu agintzen duten horiena.

Baina nire Estatu Batuak beste bat da. Asteon kalera atera dena, horixe bera. Martxoak 8koa, Ekainak 28koa, horiek denak New Yorken gertatu ziren. Eta egun hauetan ere gizartea bizirik dagoela ikusi da.

Eta kalera atera dira Rosa Parks eta Nina Simone, eta Marx anaiak, eta Laurel eta Hardy, eta Lou Reed eta Patty Smith, eta Ella Fitzgerald eta Maya Angelou, eta Geronimo eta Toni Morrison, eta Henry David Thoureau eta Emily Dickinson eta Elizabeth Bishop eta Marianne Moore, eta Gertrude Stein eta Janis Joplin, eta Spike Lee eta Colin Kaepernick, eta Simone Biles eta Woody Gootrie, eta Langston Hughes eta Dalton Trumbo eta Hollywood-eko hamarrak, eta Lincoln Brigadakoak horiek ere bai, horiek denak egon dira manifestaldietan, horien arima, Estatu Batuak sortzaile, kultu eta solidarioarena.

Bada kezka dena ezerezean geratuko dela. Polizia ez dela aldatuko, jarraituko duela bihozgabe afroamerikarrak hiltzen, arrazakeria ez dela amaituko. Baina Susan Sontag-ek aspaldi idatzi zuenez, galdutako borroka batek beste bat irabazten lagunduko du. Ez da sekula etsi behar, eskubideak ez dira irabazten egun batetik bestera. Baina irabazten dira.

Ez da etsi behar, atera behar da kalera. Ni banoa.

Saio honetako beste atal batzuk