New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Nor zen Denton Fowler?

Kirmen Uribe

New York adreiluz egina dago: lantegiak, townhouse-ak, eraikin luzeak, denak adreiluzkoak. Etxe batzuk zutik diraute eta besteak deseginak. Haien aztarnak aurkitzen dira batzuetan. Semearekin Hudson ibaian gora bizikletan nindoala, geldialdia egin genuen ibaiaren ertzeko hondartza txiki batean. Txakur bat zebilen han jolasean eta semea hari hurbildu zitzaion. Harekin jolastu, eta txakurra eta jabea joan zirenean beste gauza baten jarri zuen arreta umeak. “Aita, adreiluzko horma zati bat aurkitu dut.” Eta halaxe zen, eraikin zahar baten horma zati bat zegoen hondartzan, urak ekarria. “Eramango al dugu etxera?” Esan zidan.

00:00 / 4:14

Entzuteko beste bide batzuk

Nor zen Denton Fowler?

Kirmen Uribe

2022ko otsailak 21

New York adreiluz egina dago: lantegiak, townhouse-ak, eraikin luzeak, denak adreiluzkoak. Etxe batzuk zutik diraute eta besteak deseginak. Haien aztarnak aurkitzen dira batzuetan. Semearekin Hudson ibaian gora bizikletan nindoala, geldialdia egin genuen ibaiaren ertzeko hondartza txiki batean. Txakur bat zebilen han jolasean eta semea hari hurbildu zitzaion. Harekin jolastu, eta txakurra eta jabea joan zirenean beste gauza baten jarri zuen arreta umeak. “Aita, adreiluzko horma zati bat aurkitu dut.” Eta halaxe zen, eraikin zahar baten horma zati bat zegoen hondartzan, urak ekarria. “Eramango al dugu etxera?” Esan zidan. “Adreiluek letrak dituzte”. Eta halaxe, adreiluak motxilan sartu eta buelta egin nuen bizikletan etxera, nik pare bat kilo gehiagorekin. Adreiluak garbitu genituen, eta semea berehala konturatu zen letra horiek inizialak zirela, DF Jr. & Co “Eta internetean bilatzen badugu inizial horiek norenak ziren?” , galdetu zidan ordenagailua piztuz.
    Berehalaxe aurkitu zuen ondokoa:. “Denton Fowler Junior & Co.” Eta “denton fowler” bilatzailean sartuta, beste hau. “Denton Fowler adreilu fabrika. 1883 urtean, Denton Fowler & Sons enpresak Haverstraw herrian adreilu fabrika bat zeukan. 5 makina zituzten, eta 9,300.000 adreilu egin zituzten 80 gizonen esku lanarekin. Aita hil eta semeak hartuko zuen enpresaren ardura eta izena ere aldatuko zion DF Jr & Co jarrita”.  New York eraikitzen ari ziren urteak ziren horiek. “Aita, adreilu honek 150 urte baino gehiago ditu” esan zidan semeak, liluratuta. Ni sorgintzen ninduena baina, beste gauza bat zen. Nola ume batek, han bazterrean botata zeuden adreilu batzuei kasu egin eta istorio bat aurkitu zuen.
    Nor izango zen Denton Fowler?, nork egingo zuen etxean dugun adreilu pare hau, nork altxatuko zuen orain hondatutako eraikin hura?, jakingo al zuten orduan bederatzi urteko ume batek aurkituko zuela beraien lana ehun eta berrogeita hamar urte beranduago?
    Denak gordetzen du memoria, ikusi nahi duenarentzat.

 

Saio honetako beste atal batzuk