New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Nora eta liburua

Kirmen Uribe

Hegaldia hartzeko orduan, Norak kontrolerantz egin du. Motxilatik tableta, ordenagailua eta mugikorra ateratzeko eskatu diote eta aparteko bandeja batean jartzeko. Mugikorra utzi du, baina besterik ez. “Ez al duzu ordenagailurik?” galdetu dio kontrolean zegoen zaindariak. “Ez, ez dut”. “Eta tabletarik? Mundu guztiak dauka tableta bat. Badakizu, horiek zorrotik ateratzea komeni da eskanerretik pasa baino lehen”. “Ez, ez dut tabletarik”, esan dio Norak. “Liburu bat dut, baina hori ez dut atera behar ezta?”. “Liburu bat?”, aztoratu da zaindaria. “Orain ia inork ez du libururik eramaten hegazkinera eta”.

00:00 / 2:57

Entzuteko beste bide batzuk

Nora eta liburua

Kirmen Uribe

2022ko urtarrilak 17

Kontrola pasa eta, Norak gogoan hartu du iraultza digitalaren aurreko sasoia. Ez duela asko. Metroan bidaztiek liburuak irakurtzen zituzten. Eta fijatu egiten zinen izenburuan, eta hizketa ere hasten zinen, galdetuz, ea gustuko izan duen liburua. Ze liburu zen arrakastatsua jakiteko onena metrora sartzea zen, edo hondartzara hurreratzea udan, hantxe ikusten baitzenuen ze liburu zuen gustuko jendeak, izenburuak errepikatzen baziren.

Aireportuan, hegaldiko deiaren zain, bera bezala hegaldien zain dagoen jendeari begira jarri da Nora, ohartuz, ea inork liburu bat duen eskuartean. Ez, gehienak mugikorrari begira ari dira, gutxi batzuk tabletak dituzte. Baina libururik ez, inondik ere.

Halako batean, gizontxo bat ikusi du Norak liburu batekin. Eskuan zeraman. Eta konturatu da gizona ere berari begira geratu zaiola, Norak ere liburua baitzuen eskuartean. Liburuari begiratu eta gero irribarre egin dio, konplizitate keinu batekin. Garai zahar bateko azkenak edo berri bateko aitzindariak sentituko ote ziren?

Eta horrela desagertu egin da gizona, munduko beste punta batera liburu bat zeraman irakurlea.

Saio honetako beste atal batzuk