New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Oinezkoarena

Kirmen Uribe

Walter Benjaminek esan zuen hiri handien asmakizun gorenen artean dagoela oinezkoa, esan nahi baita, oinezkoaren ideia. Hots, norabiderik gabe eraikinen artean dabilen gizakiarena. Oinezkoak ez du horrela jomugarik, soilik oinez egiten du, hiriko karriketan barrena, kale kantoietan bihurgunea hartuz, ausaz. Hiririk gabe ez legoke oinezkorik Benjaminen aburuz, ezta oinezkoaren begiradarik. Eta begiratu horretatik sortu omen dira literatura lanik onenak, ibilaldi aspertu horietatik.

00:00 / 3:13

Entzuteko beste bide batzuk

Oinezkoarena

Kirmen Uribe

2019ko abuztuak 5

Walter Benjaminek esan zuen hiri handien asmakizun gorenen artean dagoela oinezkoa, esan nahi baita, oinezkoaren ideia. Hots, norabiderik gabe eraikinen artean dabilen gizakiarena. Oinezkoak ez du horrela jomugarik, soilik oinez egiten du, hiriko karriketan barrena, kale kantoietan bihurgunea hartuz, ausaz. Hiririk gabe ez legoke oinezkorik Benjaminen aburuz, ezta oinezkoaren begiradarik. Eta begiratu horretatik sortu omen dira literatura lanik onenak, ibilaldi aspertu horietatik.

Ohitura nuen New Yorken oinez joateko liburutegira, ia berrogei kale behera, tipi-tapa. Neure buruari jarri nion erronka. Berdin zitzaidan bero izan edo hotz, oinez egiten nuen ibilbidea, sandaliekin edo neguko botekin, elurra espaloi bazterrean pilatzen zela. Oinez egin behar nuen, itzartuz joateko gutxika, tokira egiten, nire arnasa. Gutxi gora behera ordubeteko ibilbidea zen. Hasierako egunetan gora begira joaten nintzen, eraikinen ederrari so eginez. Turisten begiratua izaten da hori. Gero, hilabete batzuk pasa eta pixka bat bertako egin nintzenean, jendeari begiratzen nion. Han ohikoa da hori. Jendeak asko begiratzen zaitu kaletik zoazela, begietara zuzen egiten du kirika. Harritu egin ninduen hasieran horrek, begirada ez baztertzeak, lurrera ez begiratzeak, lotsaz edo begirunez. Harritu eta ikaratu ere bai, ohitu nintzen arte. Azkenik, esan behar dut, neure pentsamenduetan galduta egiten nuela bidea, neure asmazioetan, neure ameskerietan. Ordubete eta hantxe izango nintzen liburuen artean, irakurleen palazio miragarrian.

Alta, Euskal Herrira itzulita ez dut gehiago oinez egiten. Hemen ez dut tipi-tapa ibiltzeko patxadarik erdiesten. Arineketan nabil, lasterka alde batera eta bestera. Han autorik ez nuen erabiltzen eta hemen ez naiz ibilgailutik jaisten. Han kalerik kale nenbilen eta hemen autopistetan barrena, arima ahoan dudala, tokietara sekula garaiz ezin iritsirik. Batzuetan, autoko leihoetatik behatu eta iruditzen zait errepidez eta zuloz betetako herrialde batean bizi garela, arnasa ezin harturik dabilen bihotz bat dela gurean natura. Gero eta estuago, gero eta itoago.

Bai, sartu naiz euskal zirimolan. 

Saio honetako beste atal batzuk