New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ontza

Kirmen Uribe

Elur urtea izan da aurtengoa New Yorken. Zuhaitzek, hostoak galdu eta horien ordez elur malutak jasotzen hasi ziren oso goiz. Central Parkeko lakua izoztuta egon da eta jendea ikusi dugu ur gainean patinatzen eta baita oinez ere. Umeentzat, eta beraiekin geunden helduontzat, jolasa zen edozein aldapatan behera irristatzea. Batzuk hartz polarrak ere irudikatu dituzte elurrarekin, klimaren aldaketa salatzeko.

00:00 / 3:18

Entzuteko beste bide batzuk

Ontza

Kirmen Uribe

2021ko martxoak 1

Elur urtea izan da aurtengoa New Yorken. Zuhaitzek, hostoak galdu eta horien ordez elur malutak jasotzen hasi ziren oso goiz. Central Parkeko lakua izoztuta egon da eta jendea ikusi dugu ur gainean patinatzen eta baita oinez ere. Umeentzat, eta beraiekin geunden helduontzat, jolasa zen edozein aldapatan behera irristatzea. Batzuk hartz polarrak ere irudikatu dituzte elurrarekin, klimaren aldaketa salatzeko.

Elurrak eta pandemiak isiltasuna ekarri dute hirira. Eta isiltasun hori hausten hasi zen hegazti bat, ontza. Elurretako ontza zuria, New York erdian. Mende luzean ez omen da agertu horrelakorik hirira, azkena, 1890ean ikusi zuten.

Baina 130 urtetan bizimodua garbiro aldatu da. Eta Central Parkera ontza zuria hurreratu dela konturatu orduko, hari argazkiak ateratzen hasi da oldea, txori-zaleak batzuk ez hain zaleak besteak. Argazkiak gero twitter-en txiotzen ziren, eta inork jakin nahi izanez gero non zegoen ontza, twitter-en begiratzea baino ez zuen. Milaka jarraitzaile izan ditu ontzak, twitter-eko izarra bihurtu da aurtengo neguan, Trump hura gabe geratzera zigortu zutenetik, izar berria, ontza.

Azkenerako gogaitu egin zen hegaztia, txioez, begiradez eta argazkiez, eta alde egin zuen parketik.

Eta halaxe, gau batean, hara non entzuten dugun haren ulua. Gertu, oso gertu, gure teilatuan balego bezala. Ontza, zen elurretako ontza, gure etxe gainean.

Txio batez salatuko nuen? Bihurtuko al nintzen ni gau hartan ehiztari birtuala?

Ez, ez daukat twitter-ik eta izango banu ere ez nuke emango haren berri. Soilik umeen gelara joan nintzen eta esan nien entzuteko. Ontza, elurretako ontza, uluka. Eta haren uluak entzunez, eta elkar besarkatuz, loak hartu genuen.

Saio honetako beste atal batzuk