New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Orain ezin da

Kirmen Uribe

Semearen urtebetetze festa egin genuen eskolako patioan. Koloretako globoak, goxoak eta euskal jokoak. Puxika hankara lotu eta elkar harrapatzen, artoa biltzen, eta soka-saltoan. Gurasoetako batek esan zigun, “merkea izan da, egia esan, umeek gutxi behar dute pozik egoteko”.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

Orain ezin da

Kirmen Uribe

2022ko ekainak 27

Semearen kide bat, neskatoa bera, lotsari aurre egiten saiatu zen. Hasieran ez zuen pastelik nahi, “gozoegia da”, esaten zuen, eta gero puska txiki bat eskatu zidan. Sokan salto egitera ere ez zen ausartzen, baina ostean pozik ibili zen hari eragiten. Irtenbidea aurkitzen zien bere arazo txikiei.

Ume bera aurkitu dut asteon patioan, bakarrik. Ume lotsati hura, bere beldurrei aurre egin nahian dabilena. Afixa txiki bat zuen eskuetan, berak margotua, armen kontrola eskatuz. Patioan zeuden helduei diru eske ibili da, armen kontrola bultzatu nahi duten gobernuz kanpoko erakundeetara bidaltzeko. Kartelean, lema bat zuen: “zaindu gaitzazue umeok”. Besterik ez zuen eskatzen, umeak heriotzatik babestea.

Armen kontuarekin urrats bat aurrera eta bi atzera egin dugu pasa den astean. Kongresuan legea zertxobait gogortzeko akordioa lortu da. Baina aste berean, gorenak New Yorken armak agerian erabiltzea debekatzen zuen legea atzera bota du. Non eta gero eta armaz hilketa gehiago dauden hirian. Gorenak bi egunetan bi eskubide urratu ditu, bakean bizitzearena eta abortatzearena. Sei lagunek erabaki dute hirurehun milioiren izenean, tristea benetan, eta kezkagarria.

Uda aurreko azken podcasta da hau. Nahiago izango nuen beste tonu batekin bukatu, uda zoriontsua opaz eta hori dena. Baina ezin dut.
Orain ezin da.

Orain eskubideen alde borrokatzea tokatzen zaigu.


Saio honetako beste atal batzuk